zarautz. Igandean BEC-en (Barakaldo) jokatuko den Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa Nagusiko finala aitzaki polita da Iñaxi Etxabe bertsolari oikiarrarekin elkartzeko. Zarautzen bizi da 23 urte zituenetik eta segituan prest agertu da elkarrizketarako, "aspaldiko kontuak gogoratzea beti izaten baita polita".

Noiz hasi zinen bertsotan?

Neska koskorra nintzela edozein ai-tzaki nahikoa nuen Oikian kantuan hasteko. Bertsopaperak ekartzen zituzten anaiak eta aitak eta horiek abesten aritzen nintzen. Baserriko behiak zaintzera joaten nintzen ere mendira eta poltsikoan eramaten nituen nik idatzitako bertsoak han ere kantatzeko. Hala ere, bat-bateko bertsoak botatzen ez naiz sekula aritu, horretarako erraztasuna ez dut izan eta. Idatzi egiten nituen eta hamar bertso ere buruz ikasten nituen. Egia esan askotan galdetu diot nire buruari ea nola demontre ikasi nuen bertsotan, nik 18 urte bete arte irratirik ez baikenuen izan etxean. Baina erromerietara joaten ginen eta liburu txiki bat ere bagenuen Bilintx eta Txirritaren bertsoekin. Hala ikasiko nuen.

Gogoan al duzu lehen bertso saioa?

Atzo balitz bezala. Oikiatik Zarau-tzera 23 urterekin etorri nintzen neskame bezala lan egiteko, baina lehenago ere izan nintzen Zarautzen, 21 urterekin, Frantziskotarren Hirugarren Ordenak antolatutako La Perla jatetxean ospatu genuen bazkari batean. Hantxe abestu nituen bertso batzuk eta jendea harrituta geratu zen oso. "Nondik azaldu zaigu hau?" galdetzen zuten. Txalo zaparrada galanta jaso nuen. Oso berezia izan zen, jatetxea beteta baitzegoen. Handik aurrera ekitaldi askotan izan nintzen kantuan. Basarri bertsolaria ere bertan izaten zen.

Eta zer esaten zizun "Basarrik"?

Orduko La Voz de España egunkarian kritika oso onak idazten zituen nire bertso saioen inguruan. Baina gero kalean ikusi eta sekula ez zidan hitz egiten. Ni oso gaztea nintzen eta ez nintzen ausartzen ezer esatera.

Plazetan ere kantatzen al zenuen?

Ez. Eliza inguruko saioetan bakarrik aritzen nintzen kantuan. Garai hartan plazan ez ziren emakumeak bertsotan aritzen. Eta ibiliko balira segituan jarriko liekete fama txarra, mutil artean ibiltzeagatik. Horrek arrabia ematen zidan baina inbidia ere ez nuen pasatzen. Erosoago sentitzen nintzen lagun artean kantuan. Hala ere, saio batzuk ere eskaini nituen jende aurrean, Orioko elbarritu gazte batzuentzat dirua lor-tzeko ekitaldia kasu. Besteak beste, Basarri, Uztapide, Lazkao Txiki eta Lasarte bertsolariak ezagutu nituen garai hartan, baina emakumerik ez.

Saririk jaso al zenuen?

Bai. Arantzazuko eliza berria egin zutenean, 1955ean, sariketa bat antolatu zuten eta Ama Birjina herriz herri ibili zuten eliza berrirako dirua biltzeko. Lehiaketarako zure herrian Ama Birjinarekin zein elizkizun egin ziren azalduz bertsoak idatzi behar zenituen eta lehen saria lortu nuen, 500 pezeta. Hirugarren Ordenak Zarautzen antolatutako bat ere irabazi nuen.

Egun bertso eskolei esker mutil eta neska ugari aritzen dira plazetan kantuan. Nola bizi duzu zuk hori?

Ilusio handiarekin. Bertsolaritza doaina handia da eta baztertu ezin daitekeena. Bertsolariak eta trikitilariak desagertu egingo zirela esaten zen garai batean eta egun milaka daude. Eta zein baino zein hobeagoak gainera. Orain ez dago beldurrik ahitzeko. Asko pozten naiz zaletasun handia dagoelako eta emakume ugari ere kantuan dabiltzalako. Uxue Alberdiren ahotsa oso polita da eta Maialen Lujanbio eta Beñat Gaztelumendi ere asko gustatzen zaizkit. Gogoan dut nola Zarautzera etorri zen behin Maialen 14 urte zituela eta aurrera segitzeko animatu nuen.

Igande honetan jokatuko da Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa Nagusiko finala. Faboritorik ba al duzu?

Ez zait gustatzen bat aukeratzea, guztiek meritu handia dutela iruditzen zaidalako. Bakoitza bere modura, baina guztiek dute sekulako abilezia.

Aritzen al zara egun ere bertsotan?

Noizbehinka idazten ditut. Esaterako nire bilobak jaio zirenean, edo hanka puskatu nuenean. Malekoian erori nintzen eta etxean egon behar izan nuen ohean. Alabak esan zidan horri buruz idazteko. Umorea ez zait falta eta ongi banago segituan etor-tzen zait kantatzeko gogoa.