- Eitza auzoan San Isidro jaiak ospatuko dituzte bihartik aurrera. Gaur, 17.00etan, auzotarrak ermitako frontoian elkartuko dira auzoa jaietarako apaintzeko.

Ostiralean, 18.00etan, magia ikuskizuna egongo da eta txokolatada egingo dute. 19.00etan, txupinazoa egingo dute eta buruhandiak aterako dira. Gainera, Urolatarrak txarangak auzoko kaleetan joko du. 21.30ean afari herrikoia egingo dute ermitan. Tiketak 25 euroan jarri dituzte salgai, auzoko tabernetan. Gauerditik 4.00ak arte, DJ Inaxek auzoa alaituko du.

Larunbatean ere ekitaldi asko egongo dira. 12.00etan toka txapelketa jokatuko dute. Ordu berean, ZU Dantzaz taldeko kideek dantzaldia egingo dute eta auzoko pilotalekuan gaztetxoek pilota txapelketako finalak jokatuko dituzte. 17.00etan kros herrikoia hasiko da eta 19.00etatik 21.30era Matraka elektrotxarangak auzoko kaleetan joko du. 23.30ean Iratzar erromeri taldeak kontzertua egingo du.

Igandean eitzatarrek San Isidro eguna ospatuko dute. 10.00etan Antxiñako Ama txistulari taldeko kideek goiz eresia egingo dute. 11.00etan meza egongo da. Mezan Goiargi abesba-tzak abestuko du. Mezaren ondoren auzoko jubilatuek hamaiketakoa egingo dute. 12.30ean Irrintzi taldearen Dantzari Txiki festan parte hartuko duten haurrek Eitzan dantzatuko dute. 13.00etan bandak kalejira egingo du. 16.00etan dantza gidatuak egongo dira. 18.00etatik aurrera Benta Zaharreko Mutiko Alaiak taldekoekin abesteko aukera egongo da. Bukatzeko, 22.00etan jaiei amaiera emango diete Kortako plazan.