- Zumarragako Udalak uraren ordenantzari hasierako onespena eman dio eta ur zerbitzuaren kontratazio espedientea onartu du. PSE-EEk alde bozkatu du eta EH Bilduk eta Elkarrekin Zumarragak aurka. EAJk abstentzioa eman du.

Onura Publikoa plataformak ura garesti ordaintzen dela salatu eta uraren kudeaketa publifikatzea eskatu zuenetik, uraren ingurukoa eztabaida nagusia bilakatu da. Onura Publikoan EH Bildu eta Elkarrekin Zumarraga daude, besteak beste.

Ordenantzari dagokionez, Mikel Serrano alkateak ura %6 eta %13 artean merkatuko dela eta hurrengo bost urteetan prezioa ez dela igoko esan zuen. EH Bilduko Josu Aztiriak ordenantza berria gogor kritikatu zuen. "Zerbait aldatu da, denak berdin jarrai dezan. Erretenen tasa kendu da, baina hori Zumarragan bakarrik genuen. Fakturazio sistema ere aldatu da. Bloke batetik hurrengora pasatzen bazinen, kontsumitutako ur guztia bloke horren prezioan ordain-tzen zenuen. Horri esker Aquarbek diru asko irabazi du. Hori zuzendu egin da, baina enpresek asko ordainduko dute. Eta gutxien kontsumitzen duten bizilagunek %2 gutxiago bakarrik ordainduko dute. Garestienen artean egoten jarraitzen dugu, azpiegituren kuota finkoa delako eta beheko blokearen prezioa oso altua". Mikel Serrano alkateak zerbitzuaren kalitatea azpimarratu zuen eta baliabide gutxien dutenentzat laguntzak daudela gogoratu zuen.

Kontratazio espedienteari dagokionez, Serranok teknikariek zeharkako kudeaketa aholkatu dutela aipatu zuen. EAJko Josu Idigorasek udal teknikarien txostenei balioa ematen dietela eta, beraz, zeharkako kudeaketaren alde daudela aipatu zuen. Aztiriak pleguak Aquarberen neurrira egin dituztela salatu zuen. "Zergatik egin ditu pleguak Capiol enpresak? Capiolen Aquarbeko langile ohiek lan egiten dute". l