- Urola eskubaloi klubak berdintasunari eta kiroleko sexu indarkeriaren prebentzioari buruzko sentsibilizazio kanpaina bat antolatu du. Kanpaina honetan Urretxu eta Zumarragako klubarekin zerikusia duten pertsona guztiek parte hartuko dute. Hitzaldiak Eusko Jaurlaritzak eta Basque Teamek sustatutako Zure Taldekoak Gara kirol arloko sexu abusuaren, sexu jazarpenaren eta sexuagatiko jazarpenaren arreta zerbitzuko langileek emango dituzte.

Kanpaina abenduan egin behar zen, baina pandemia zela eta, atzeratu egin zen. Atzo hasi zen. Bi saio egon ziren: 18.00etan haur mailako neskek parte hartu zuten eta 19.00etan senior mailako neskek.

Hurrengo saioak ostiralean izango dira. Eskubaloi eskolako haurrek parte hartuko dute. Datorren asteazkenean, berriz, kimu mailako mutilen, kadete mailako nesken, entrenatzaileen eta zuzendaritzako kideen txanda izango da. Klubeko gainontzeko taldeen formazio saioak aurrerago izango dira.

Kirola osasunerako eta ongizaterako onuragarria da. Garapen iraunkorreko 2030 Agendaren arabera, kirolak garapena eta bakea gauzatzen laguntzen du, tolerantzia sustatuz eta emakumeen, gazteen eta komunitateen jabekuntza bultzatuz. Baina, zoritxarrez, kirolaren testuinguruan indarkeria ager daiteke.

Ikerketen arabera, kiroleko indarkeria horiek neurriz kanpo eragiten diete emakumeei eta kirol estamentu guztietako pertsonek jasan dezakete.