- Etxean ikasteko toki eta giro egokia ez dutenentzat eta etxetik kanpo ikastea nahiago dutenentzat, Legazpiko Udalak ikasgela bat irekitzen du Doinua musika eskolaren egoitza zen eraikinean (Saturnino Telleriako errotondan). 2021-2022 ikasturteari dagokionez, urriaren 4an ireki zen eta otsailaren 4an hamar egunetarako itxiko da. Otsailaren 14an berriro irekiko da eta uztailaren 1a arte egongo da zabalik.

Hezkuntza zerbitzutik gogorarazi dute ikasgelako txartela eskuratu zuten guztiek otsailaren 7a baino lehen itzuli behar dutela. Horretarako, kultur etxeko harrerara jo behar dute, 9.30etik 13.00etara eta 14.30etatik 20.30ra.

2021-2022 ikasturte honetako ikasgelaren lehen aldian 39 txartel egin dira. Udalaren helburua txartel guztiak jasotzea da, otsailaren 14tik uztailaren 1era luzatuko den bigarren aldirako programatzeko.

Eskaera berria otsailaren 10etik aurrera egin ahal izango da, udaletxeko Herritarrentzako Arreta Zerbitzuan edo Udalaren webguneko egoitza elektronikoan.

Aipatu bezala, otsailaren 14an irekiko ditu berriro ateak Legazpiko ikasgelak. Uztailaren 1a arte egongo da zabalik: astelehenetik ostiralera 8.00etatik 20.00etara eta larunbat, igande eta jai egunetan 9.30etik 20.00etara.

Udalak 16 lagunentzako tokia duen ikasgela egokitu zuen Saturnino Telleria 1eko beheko solairuan, wifi eta guzti. Zikloak edo unibertsitate ikasketak egiten ari diren 18 urtetik gorako legazpiar guztiek erabili dezakete.