- Gainzuri-Komentua azpieremuan 65 etxebizitza eraikiko dira. Horietako 25 sozialak eta tasatuak izango dira. Gainera, bi igogailu instalatuko dira, Labeaga kalea goiko auzoekin lotzeko. Beste 1.700 metro koadro instalazioetarako gordeko dira. Instalazio horiek Gainzuri ikastetxeak erabiliko ditu. Obra apirilean hasiko da, eraisketa lanekin.

Ormadare enpresa 40 etxebizitza libreak saltzen ari da dagoeneko. Promozioa pribatua den arren, Urretxuko Udalak etxebizitza babestuen adjudikazio prozesua kontrolatzeko asmoa du. Helburua urretxuar guztiek egitasmoaren berri izatea eta eskaera egiteko aukera izatea eta tramiteak ahal bezain azkar kudeatzea da.

Osoko bilkuran babes ofizialeko 15 etxebizitzak eta 10 etxebizitza tasatuak esleitzeko oinarriak ere onartu ziren. Baldintzak Gurutzeko etxeak esleitzeko onartu zirenen oso an-tzekoak dira. Babestutako bat eta tasatutako bat mugikortasun murriztua dutenentzat gordeko dira. Mugikortasun murriztua duen inork etxebizi-tzarik eskatzen ez badu, bi horiek ere gainontzekoen artean banatuko dira.

Eskatzaileek Etxebiden izena eman behar dute eta Urola Garaiko herrietako batean erroldatuak egon behar dira (2018ko abenduaren 1etik gutxienez). Urretxun erroldatuta dauden pertsonek lehentasuna izango dute.

Babestutako etxebizitzak urtean 12.000 eta 39.000 euro artean irabazten dutenentzat izango dira eta tasatuak 15.000 eta 50.000 euro arteko diru sarrerak dituztenentzat.

Diru gutxien irabazten dutenek, pertsona gehiagoz osatutako bizikidetza unitateek, Urretxun urte gehien erroldatuta daramatenek eta bikoterik ez duten gurasoek puntu gehiago lortuko dituzte.

Bai hitzarmena eta bai etxebizi-tzak esleitzako oinarriak EAJren eta PSE-EEren aldeko botoekin onartu ziren. EH Bilduk abstentzioa eman zuen, ez baitago ados eremu horretarako aurreikusitako hirigintza proiektuarekin.

Osteguneko osoko bilkuran ur hornidura eta saneamendu zerbitzuen kudeaketari dagokion kontratuaren aldaketa ere onartu zen, EAJ eta PSE-EEren aldeko botoarekin. EH Bilduk abstentzioa eman zuen.

Udalak, Aquarberekin duen kontratua urte beterako luzatzea erabaki zuen. Aurrerantzean ere urtero luzatu ahal izango da, gehienez bost urtez. Aquarbek orain arte bezala eskainiko du zerbitzua eta udalari ordainduko dion kanona inbertsioetarako erabiliko da. Urretxuarrek ez dute orain arte baino gehiago ordainduko zerbitzuaren truke.