- Urola, Hernani eta Txingudiren emakumezkoen taldeek parte hartuko dute gaur arratsaldean Zumarragako Ispilla kiroldegian jokatuko den Anabel Santamaria zenaren omenezko eskubaloi txapelketan.

16.00etatik 17.25era haur mailako hirukoa jokatuko dute Urola, Hernani A eta Hernani B taldeek. Lehenengo Hernani Ak Hernani Bren aurka jokatuko du, ondoren Urolak Hernani Aren aurka eta bukatzeko, Urolak Hernani Bren aurka.

18.00etan, Urolaren eta Hernaniren kadete mailako taldeek jokatuko dute. Bukatzeko, 19.00etan Urolaren eta Txingudiren senior mailako taldeek jokatuko dute. 20.15ean saski bat zozkatuko dute zozketarako txartelak erosiko dituztenen artean.

Txapelketa honen helburuak eskubaloia sustatzea, neuroendekapenezko gaixotasunak ezagutzera ematea eta ikerketarik gabe sendaketarik ez dagoela gogoratzea da. Bildutako diru guztia Biodonostia osasun ikerketarako institutuari emango zaio.

Lagundu nahi dutenek hiru eratara egin dezakete: Urretxuko eta Zumarragako farmazietan jarritako itsulapikoetara dirua botaz, saskiaren zozketarako txartelak erosiz eta merchandising produktuak erosiz.

Aurtengoa Santamariaren omenezko bosgarren txapelketa izango da. Anabel Santamaria Urola eskubaloi taldeko bi jokalari ohiren ama eta klubeko zuzendari teknikoaren emaztea zen. 2016ko urriaren 23an hil zen, Zumarragako ospitalean, gaixotasun luze eta sendaezin baten ondorioz: artrofia multisistemikoa.

Klubak ekitaldi bat antolatzea erabaki zuen, bere omenez. Zale "zin-tzo eta gogotsu" bezala gogoratzen dute. "Adiskidetasuna, elkartasuna eta talde lana dira gure klubaren balioak eta balio horiek, hain zuzen ere, deskribatzen dute ondoen Anabel zena".

Anabel Santamaria zenaren omenezko eskubaloi txapelketak Zumarragako eta Urretxuko udalen babesa du.