Zumarragaren aurrekontuak Euskal Herria hiribidearen bulebarizazioarekin jarraitzeko balioko du

26.12.2021 | 00:23
Zumarragako plaza, ostiral eguerdian.

zumarraga – Udalak ia 13 milioi euroko aurrekontua onartu zuen Zumarragan, alderdi politikoen akordiorik gabe. PSE-EEk alde bozkatu zuen, EAJk abstentzioa eman zuen eta EH Bilduk eta Elkarrekin Zumarragak aurka bozkatu zuten.

Jose Mari Bermejo Ogasun zinegotziak aurrekontua iazkoa baino %13 txikiagoa dela, inbertsioetara aurrekontuaren %2,5 bideratuko dela eta Foru Funtsetik iaz baino %14 gehiago jasoko dela aipatu zuen.

Egitasmo garrantzitsuenak ere zerrendatu zituen: zaurgarrienei laguntzea, geriatriko zaharrean apartamentu dotazionalak egitea, Urolako geltokia zaharberritzea (bertan emakumeen etxea, arazoak dituzten familientzat topalekua eta gizarte zerbitzuentzako bulegoak egin nahi dira), gazteria plana, ArcelorMittalena zen orubearen erabilera (Plastic Energy enpresaren etorrera eta plastikoaren ekonomia zirkularraren gunea)...

Inbertsio nagusiak ere aipatu zituen: goiko auzoen zaharberritzea, GI-2632 errepidearen bulebarizazioarekin jarraitzea (Euskal Herria hiribidea), San Isidroren peatonalizazioa, plazaren zaharberritzea, auto elektrikoak kargatzeko puntuak Zelai Ariztiko eta geltokiko aparkalekuetan...

Rosa Maiza Ekonomiaren Garapenerako zinegotziak zerbitzu komunitarioen plana egingo dela eta plazako eta azokako egitasmoa Next Generation laguntzetara aurkeztu dela gehitu zuen. "Milioi bateko laguntza lor dezakegu. Aurrekontua 2021eko soberakinarekin eta beste erakundeengandik lortuko ditugun diru-laguntzekin osatuko dugu".

Mikel Serrano alkateak udalak ahalmen ekonomikoa duela esan zuen. "%4ko zorra dugu eta %25ekoa da topea. Horrek zerbitzuak eskain-tzeko eta milioi erdi aurrezteko ahalmena ematen digu".

Inbertsioak Serranok ere inbertsio batzuk aipatu zituen: irisgarritasuna hobetzeko lanak auzoetan, Antio hiribidearen atzealdearen txukuntzea (ubidearen berreskurapena eta 108 etxebizitza gazteentzat), Iparragirre hiribidearen atzealdaren zaharberri-tzea, musika eskolara daraman espaloiaren zabaltzea...

Ines Benitez Elkarrekin Zumarragako zinegotziak beraien proposamenak, ez direla kontuan hartu kritikatu zuen. Elkarrekin Zumarragak maskotentzako kolunbarioa egitea, Etxeberrin markesina bat jartzea, hilerri azpiko haur parkean ur jolasa egitea, Etxeberrin eta Izazpin irisgarritasuna hobetzea, maskotentzako parke bat egitea eta bizikleten-tzako aparkalekuak jartzea proposatu du, besteak beste.

EAJko Josu Idigorasek langileen gastua %4 igo dela, horrek aurrekontuaren %32 suposatzen duela, gastu arruntak aurrekontuaren %44 direla ("%10 igo dira") eta sarreren %60 Foru Funtsetik datorrela esan zuen. "Gastu arruntak hartzen ari diren pisuak kezkatu egiten gaitu. Horrek inbertsioetarako ahalmenik ez eduki-tzea dakar. Gainera, gobernantza kolaboratiboa faltan sumatzen dugu. Guk brigadarentzat ibilgailu berri bat erostea, kiroldegian berrikuntzak egitea eta haur parke bat estaltzea proposatu dugu, besteak beste. Gure proposamen batzuk kontuan hartu dira eta abstentzioa emango dugu".

EH Bilduko Josu Aztiriak "oso irakurketa kritikoa" egin zuen. "Ez da elkarlanerako borondaterik egon. Prozesua presaka egin da eta gure proposamenak baztertuak izan dira". Gainera, iaz emandako hitza ez betetzea leporatu zion udal gobernuari.

Bere garaian gizarte zerbitzuetan egindako murrizketei ez zaiela buelta eman esan zuen eta udalak ez duela inbertsioak egiteko ahalmenik salatu zuen. "Eta egitasmo estrategikoak falta dira. Aurrekontua egiteko proposamenak egin ditugu eta udal gobernuak ez ditu babestu. Hori dela eta, ezezkoa emango dugu".

PSE-EEk alde bozkatu zuen, EAJk abstentzioa eman zuen eta EH Bilduk eta Elkarrekin Zumarragak aurka bozkatu zuten.


noticias de noticiasdegipuzkoa