Iaz ez zen egin koronabirusaren erruz, baina aurten bai. Ostadar taldeak mendi astea ospatuko du, 38. edizioa dagoeneko.

Lehen emanaldia gaur izango da. Koke Lasa alpinista ormaiztegiarrak Om mani padme hum ikus-entzunezkoa eskainiko du Urretxuko Labeaga aretoan.

Bihar, Joseba Iztueta alpinista gabiriarrak Pamir-Distantziak ikus-en-tzunezkoa eskainiko du. Emanaldi hau Zumarragako Zelai Arizti aretoan izango da.

Asteazkenean, toki berean, Iñaki Alvarez zumarragarrak Manasluren negu bortitza ikus-entzunezkoa emango du.

Ostegunean, Labeaga aretoan, haurrentzako argazki ralliaren sariak banatuko dituzte. Hilaren 7an Anjel Etxeberriaren omenezko 33. ibilaldia egin zuten eta irteera hartan parte hartu zuten haurrek argazki rallian parte hartzeko aukera ere eduki zuten.

Bukatzeko, ostiralean Juan Mari Gabilondo mendizale zumarragarrak Euskal Herriko mendiak ikus-entzunezkoa eskainiko du. Ostadar mendi asteko ekitaldi guztiak 20.00etan izango dira.

Aurtengo emanaldi guztietako protagonistak gipuzkoarrak izango dira: Lasak 2020ko neguan Nepalera egindako bidaiaren berri emango du, Iztuetak Pamirrera egindako bidaiaren berri eta Alvarezek Alex Txikonekin batera egindako espedizioaren berri. Gabilondok, betiko moduan, Euskal Herriko mendietan ateratako argazkiak erakutsiko ditu.

Bestalde, larunbatean Ostadarreko kideek batzar nagusia egingo dute. 19.00etan izango da, Zelai Arizti kultur etxean. Eta iganderako mendi irteera antolatu dute. Aralarreko Zabalegi mendira joango dira. Autobusa 7.30ean irtengo da, Elizkaletik. Ibilaldiaren ondoren bazkaria egingo dute.