Donostia: Tasa eta zerga gehienak %2 igoko dira Zumarragan

Zaborraren tasa %1,39 igoko da, urari dagokiona %5,9 eta ostalarien terrazek %100eko hobaria izango dute

21.10.2021 | 00:44

zumarraga Zumarragako Udalak 2022ko ordenantza fiskalak onartu ditu, PSE-EEren aldeko botoekin. Gainontzeko alderdiek (EH Bildu, EAJ eta Elkarrekin Zumarraga) aurka bozkatu dute. Tasa eta zerga gehienak %2 igoko dira, baina urarena %5,9 igoko da eta zaborrarena %1,39.

Jose Mari Bermejo Ogasun zinego-tziak 2015etik tasak eta zergak izoztuak egon direla gogoratu zuen astearteko osoko bilkuran. "%2ko igoera IPKren igoera baino txikiagoa da. Zergak eta tasak gehien behar dutenei laguntzeko eta negozioen ixtea saihesteko erabiliko ditugu. Gainera, ostalarien terrazek %100eko hobaria izango dute eta azokako postuek %50ekoa. Uraren tasa Ur Kontsorzioak uraren prezioa igo duelako igo dugu eta zaborrarena Sasietak aholkatu duelako".

EH Bilduko Josu Aztiriak ez ohiko faktoreak kenduta, azpiko inflazioa %1,5ekoa litzatekeela esan zuen. "EH Bilduk bere udal guztietan %1,5 proposatu du eta Donostiako Udalak ere hala egin du".

Zaborraren tasari dagokionez, izoztea proposatu zuen. Iaz %5 igo zelako eta herritarrek gaikako bilketan egindako ahalegina saritzeko. Merkatuko saltzaileei ere %100eko hobaria eskaintzea proposatu zuen, beraiek ere pandemia pairatu dutelako eta elikadura burujabetza bultzatzeko. Urari dagokionez, Zumarraga EAEko herri garestiena dela gogoratu zuen.

EAJko Josu Idigoras uraren eta zaborraren tasen igoeraren aurka azaldu zen. "Horregatik ez balitz, %2ko igoera jasangarria izango litzateke". Elkarrekin Zumarragak %1,5eko igoera eta uraren eta zaborren tasak izoztea proposatu zuen.

noticias de noticiasdegipuzkoa