- Urretxuko Udalak Trafikoa Arautzeko Ordenantza (TAO) ezarriko du azaroaren 2an. Bi sektore sortuko ditu (urdina eta marroia) eta bietan doakoa izango da aparkatzea, baina tiketa ibilgailuan jarrita. Bi sektoreetan aparkatzeko gehieneko denbora 90 minutukoa izango da, baina urdinean bertakoek ez dute denbora mugarik izango. Berriro sektorean sartzeko, 6 ordu itxaron beharko da. Eta ezingo da sektore batetik irten eta zuzenean bestera joan.

Ordutegiari dagokionez, astelehenetik larunbatera, 8.00etatik 20.00etara izango da. 20.00etatik aurrera bertakoek bakarrik aparkatu ahal izango dute. Igande eta jai egunetan bertakoek bakarrik aparkatu ahal izango dute.

Sektore urdina Kalerrotan egongo da: Juan de Lizarazu aretoko etxetik etxeorratzaren azpiko aparkalekura (azken hau barne) eta BMko aparkalekuan ibaitik gertuen dauden aparkalekuak. Sektore marroia ere Kalerrotan egongo da: BMko aparkalekua eta etxeorratzaren azpiko aparkalekutik (hau kanpo) HD tabernara.

Zama lan guneak, bere ordutegia amaitzean, TAO gune bilakatuko dira. Tabernetako terrazak ere TAO gune bilakatuko dira, terraza ordutegitik kanpo. Bestalde, bertakoek txartel bat izango dute aparkatzeko. Txartel hau doakoa izango da eta udaletxean eskatu beharko da.

Bi makina egongo dira: bata BMko bidegurutzetik gertu eta bestea AK47 tabernatik gertu. Aparkatzeko, gidariek tiketa eskuratu eta ibilgailuan jarri beharko dute. Aparkatzea doan izango da. Matrikula sartu eta baieztatzearekin nahikoa izango da.