- Amelia Tiganus aktibista feministak Historia de una lucha komikia aurkeztuko du bihar, 19:00etan, Zumarragako Zelai Arizti aretoan. Ekitaldi hau Ezker Anitza-IUk antolatu du eta sarrera doan izango da. Tiganus emakume salerosketaren sareetatik bizirik atera zen. Emakume hau Errumanian jaio zen eta 18 eta 23 urte bitartean Espainian prostitui-tzera behartu zuten. Urte haietan indarkeria, beldurra eta irainak pairatu zituen. Bizi izandako esperientzia gogorra komiki batean jaso du. Komiki horrek sexu esplotaziorako pertsonen salerosketaren errealitatera eta Tiganusen gainditze historiara hurbiltzen gaitu. Historia de una lucha komikia borroka eta gainditze ikur bihurtu da emakume askorentzat.

Gaur egun, Tiganus Euskal Herrian bizi da eta Emargi elkartearen sortzailea da. Elkarte horrek emakumeen eta neskatoen ugalketa eta sexu esplotaziorik gabeko gizarte baten alde borrokatzen du. Tiganusek prostituzioa desagertzeko urratsak ematea defendatzen du. Prostituzioarekin amaitzeko, proxenetak erasotzaile gisa zigortu edo interpelatu behar direla uste du. Horretaz gain, horrenbeste emakume zapaltzen dituen arazo honekin bukatzeko, hezkuntza afektibo-sexuala oso txikitatik ezarri beharko litzatekeela uste du. Ezker Anitza-IUko kideek biharko ekitaldira joateko gonbita luzatu diete Urola Garaiko bizilagunei. "Amelia Tiganus Zumarragan egotea aukera paregabea da prostituzioaren eta sexu-indarkeriaren sentsibilizazio eta prebentzio-lan pedagogikoa egiteko. Garrantzitsua da erakunde publikoak inplikatzea pertsona berriek prostituzioa eska ez dezaten", adierazi dute Ezker Anitza-IUko ordezkariek.

Ikusle kopurua mugatua izango denez, Tiganusen hitzaldia streaming bidez emango dute zuzenean Ezker Anitza-IUren Facebook eta YouTube kateek.