- Osasun egoerak hobera egin du eta aste honetan bertan Zelai Arizti pilotalekuko janari postuak plazara itzuliko dira. Arropa postuak dira plazatik kanpo jarraituko duten bakarrak. Pixkana azoka normaltasunera itzultzen ari dela ospatzeko, Zumarragako Udalak oihalezko poltsak oparituko ditu eta bertako produktuak zozkatuko ditu larunbateko azokan.

Rosa Maiza zinegotziak prentsaurrekoa eman zuen atzo, larunbateko azokako berrikuntzen berri emateko. "Egoerak hobera egin du eta plazan %60ko edukiera baimentzen da. Hori dela eta, janari postuak plazara itzuliko dira larunbat honetan bertan. Postu horiek Zelai Arizti pilotalekuan egon dira pandemia hasi zenetik. Hala, larunbat honetatik aurrera, baserritarren postuak eta gainontzeko elikagai saltzaileen hamabi postuak egongo dira plazan. Hamabi postu horiei tokia egiteko, tabernek mahai gutxiago jarriko dituzte beraien terrazetan. Izan ere, guztion arteko bizikidetza bermatu beharra dago".

Egoerak hobera egin duela ospa-tzeko, poltsak oparitu eta bertako produktuak zozkatuko dituzte. "Baserritarrek azokako logoa daramaten mahai-zapiekin apainduko dituzte beraien postuak eta bost euroko erosketa egiten duten guztiei azokaren logoa duen oihalezko poltsa bat oparituko diegu. Bestalde, udaletxe azpian jarriko dugun mahaian beraien datuak ematen dituzten guztiek bertako produktuz betetako hiru poltsa bereziren zozketan parte hartuko dute. Helburua, egoerak hobera egin duela ospatzea eta azokari bultzada ematea izango da".

Egoerak hobera egin duen arren, derrigorrezkoa izango da maskara erabiltzea eta postuen artean metro eta erdiko distantzia egongo da. "Zumarragako azoka toki segurua izan da beti", amaitu zuen Maizak.