Felix Ibargutxi kazetari legazpiarra Elbarrenan jaio zen. Frailenea izeneko baserrian, hain zuzen ere. urdinola elkarteak Txinpartak aldizkariaren ale berezia aurkeztuko du larunbatean, 12.00etan, Latxartegi aretoan. Ale berezi hau Ibargutxik egin du eta Elbarrena auzo ahaztua da bere izenburua.

"Jose Luis Ugartek Elbarrenari buruzko liburua egitea proposatu zidan eta baiezkoa eman nion. Herri askok dituzte Ergoena eta Elbarrena izeneko auzoak. Legazpiren kasuan, Ergoena Mirandaolatik gorakoa zen eta Elbarrena Mirandaolatik beherakoa. Nik Urola enpresatik Urretxura bitartean dagoena jaso dut: Patricio Etxeberriak bere enpresa zabaltzeko erabili zuen eremua. Izenburuan Elbarrena ahaztua dagoela diot, Elbarrena hitza ahaztua dagoelako".

Elbarrena ahaztua ez ezik, aldatua ere badago. Garai batean Telleriarte edo Brinkola bezalako paraje eder bat zen, baina baserriak zeuden tokian pabiloiak egin zituzten. Ibargutxik egungo baserrietako eta bota zituzten baserrietako jendearekin hitz egin du. "Landa lana egin dut, etxez etxe. 50 bat elkarrizketa egin ditut eta elkarrizketatu guztiei argazki zaharrak eskatu dizkiet".

Elbarrenan toki eta eraikin interesgarri asko zeuden eta daude: Pedro Segurak XIX. mendean sortutako industrialdea, Olaetxe zaharra (balio historiko handia zuen eraikina), Bengoleako burdinola... "Burdinola hau Gipuzkoako azkena izan zen. 1880an martxan zegoen oraindik. 1890ean errota zen dagoeneko eta gero zerrategia izan zen".

Ibargutxik 60 bat etxeren berri ematen du. "Kuzturrutzu baserria XVI. mendekoa zen eta transhumantzia garaian artzainek han lo egiten zuten. Mende hasieran erre egin zen. Galdos jauregiari dagokionez, Urretxu eta Zumarragan garraioarekin aberastu zen Ugalde familiak eraiki zuen, uda garairako. Matxain ere sartu dut. Ez zegoen Legazpin, baina Legazpikoekin harreman estua zuen. Bertako Kontxita Balenziaga auzo mailan oso garrantzitsua zen: hildakoak janzten zituen, txertoak jartzen zituen... Nire asmoa ez da garai hura erreibindikatzea, beste Legazpi bat egon zela erakustea baizik".