- COVID-19 pandemiaren agerraldi epidemikoa geldiarazteko Eusko Jaurlaritzak hartutako neurrien ondorioz, Mineralogia eta Paleontologia Astearen 33. edizioa bertan behera uztea erabaki dute Urretxuko Udalak eta antolakuntza batzordeak.

Mineralogia Astea duela 32 urte sortu zen, Urretxuko mineralen eta fosilen museoa ezagutzera emateko. Ordutik urtero ospatu da, COVID-19a iritsi den arte.

Antolatzaileek dagoeneko dena prest zuten. Urteroko moduan, hamaika ekitaldi egon behar zen: Zeraingo Aizpea meategira txango mineralogikoa, haurrentzako jolasak, eskolentzako bisita gidatuak, haurrei zuzendutako jarduerak eta Ederrena pilotalekuko mineral eta fosilen azoka berezia.

2020ko edizio honetarako protokolo bereziak garatuta zeuden: haurren jolas berriak COVID-19ak eragindako egoera honetarako egokiak dira, azokako salmenta postuak distntziak errespetatuz muntatu behar ziren...

Urretxuko Udalak joan zen astean bertan eman zuen ezagutzera Mineralogia eta Paleontologia Asteak aurrera egingo zuela eta ekitaldien berri eman zuen. Egoera etengabe okertzen ari da, ordea, eta ez da komeni halako ekitaldiak antolatzea.