Zumarraga - Aurtengo txapelketa 29.a izango da. Zumarragako Beloki pilotalekuan jokatuko da eta aurten ere afizionatu mailako pilotari onenek parte hartuko dute. Partidak asteazkenetan izango dira, 18.30ean. Sarrera doan izango da partida guztietan, finalean ez ezik.

Azken urteotako legeari jarraituz, pilota jaialdiak Beloki pilota eskolako haurren partida batekin hasiko dira. Ondoren, txapelketako partidak jokatuko dira: promesa mailakoek lau t'erdikoa jokatuko dute eta elite mailakoek binakakoa.

Primerako pilotariek parte hartuko dute aurten ere Goñiren oroimenezkoan: maiatzaren 8an Baikorekin profesional mailan debuta egingo duen Iraitz Zubizarreta ataundarra, aurki profesional mailara pasatzeko aukera handiak dituen Endika Uriondo, Iker Mariezkurrena, Andoni Gaskue, Eneko Labaka, Julen Alberdi...

Gaur, pilota eskolako haurren partidaren ondoren, Olaetxeak eta Hormaetxek lau t'erdiko partida jokatuko dute. Binakako txapelketari dagokionez, Alberdik eta Mariezkurrenak, Mata eta Gaskueren aurka jokatuko dute.

Final laurdenetako gainontzeko hiru partidak martxoaren 4an, 11n eta 18an jokatuko dira, finalerdiak martxoaren 25ean eta apirilaren 1ean eta finala apirilaren 8an.

Datorren astean, Unai Alberdik Fernandezen aurka jokatuko du eta ondoren Zubizarreta eta Aizpuru, Carregal eta Uriondoren aurka lehiatuko dira. Martxoaren 11n, lau t'erdiko partida Gutierrezek eta Aitor Altunak jokatuko dute. Binakakoan, berriz, Eneko Labakak eta Elizegik, Muruarekin eta Arbizurekin neurtuko dituzte indarrak. Final laurdenetako azken kanporaketa martxoaren 18an izango da. Lau t'erdian Senar eta Oskoz arituko dira. Binakako partidan, berriz, Expositok eta Iruritak, Elolaren eta Aldaberen aurka jokatuko dute.

Gorriek Zumarragako Mendizabal abokatuaren publizitatea eramango dute aurrealdean eta Pujol enpresarena atzean. Urdinek Pujolena aurrealdean eta Mendizabalena atzealdean.

Txapelketa hau Xabier Goñi zenaren omenez antolatzen da. Goñi profesional mailako pilotaria eta Zumarragako pilota eskolako entrenatzailea zen. 1990ean hil zen, istripu batean. 1991n omenaldia egin zioten Urretxuko Ederrena pilotalekuan eta 1992tik txapelketa hau antolatzen da Zumarragako Beloki pilotalekuan bere oroimenez.

Goñiren oroimenezko txapelketan azken hamarkadetako pilotari onenek parte hartu dute: Abel Barriolak, Aimar Olaizolak, Juan Martinez de Irujok, Jokin Altunak, Iñaki Artolak eta Joseba Ezkurdiak, besteak beste.

Profesional gazteak Zumarragan jokatu duten askok profesional mailara salto egin dute. Duela bi urte parte hartu zutenetako bost urtebete beranduago profesional mailan zeuden dagoeneko: Jon Mariezkurrena, Beñat Garmendia, Aranguren, Alberdi eta Oier Etxeberria. Eta iazko txapelketan parte hartu zutenetako hiru profesional mailan jokatzen ari dira dagoeneko: Salaberria, Bikuña eta Julen Egiguren.

Aurtengo txapelketa larunbatean aurkeztu zuten, Antioko interpretazio zentroan. Ekitaldian, antola-tzaileek, babesleek, Aritz Lasa pilotari ohi urretxuarrak, Mikel Serrano alkateak eta txapelketan parte hartuko duten pilotarietako batzuk parte hartu zuten.

Antolatzaileek azken urteetan antolaketa lanetan lagundu dutenei omenaldi xume bat egin zieten larunbateko ekitaldian: Asier Intxausti, Ander Gabirondo, Igor Susaeta, Mikel Rodriguez, Mikel Zabalo eta Josu eta Iñigo Vianari txapelketako kamiseta bana oparitu zieten.