- Euskal Herriko pilota egokituko I topaketa izango da bihar Azpeitian. Lehen aldia jokatuko den lehiaketak udalaren eta Euskadiko Euskal Pilota Federakuntzaren antolakuntza izan du. Bertan, desgaitasun fisikoa duten 13 kirolarik gomazko paleta gurpildun aulkian jokatuko dute eta adimen urritasuna duten beste 17 teniseko paletan arituko dira.

Nagore Alkorta alkateak eta Euskadiko Euskal Pilota Federakuntzako Joxe Mari Mitxelenak eta Aitor Erauskinek asteazkenean aurkeztu zuten "lagun artean pilota modalitate egokituak ezagutarazi eta bultzatzeko" antolatutako jardunaldia. Hauek herritar guztiak animatu zituzten biharko neurketak ikustera gerturatzeko (11.00etatik 13.00etara Betharram eta Izarraitz pilotalekuetan jokatuko dira eta 16.30etik 19.00etara Izarraitzen).

Alkatearen hitzetan, "aberasgarria" izango da "lehiaz harago" pilota egokituko motalitateak Azpeitian ikusi eta ezagutzea. Mitxelenak ere ildo beretik egin zituen adierazpenak: "Hitz egiten ez dena, ez da existitzen. Pilota modalitate batzuez asko hitz egiten da beste batzuetaz pixka bat eta hainbatetaz batez. Euskal Herriko kultura, kirola, ondarea eta altxorra dira, eta ezagutarazteko eta mantentzeko lanean ari gara". Azkenik, Erasunek "topaketa hauetan modalitateak indartuz beste lurraldeetan ere txapelketak egitera animatzea lortu nahi dugu", esan zuen.