zpeitiko Lagun Onak Mendi Bazkunak ekintzaz betetako egitarauarekin ospatu zuen iaz bere sorreraren 75. urteurrena baina egitaraua borobiltzeko azaroaren 27an egitekoa zen 75 Urte Eguna bertan behera utzi egin behar izan zuen, pandemiak herrian une horretan zuen eragina handiagatik.

Hala ere, mendizaleen elkarteko zuzendaritza taldeko lagunek jardunaldi hori "posible izan bezain laster" egiteko asmoa agertu zuten; eta azkenean joan den larunbatean ospatu ahal izan zuten 75 Urte Eguna.

Iragarrita bezala, mendizaleek mota askotako ekintzekin disfrutatzeko aukera izan zuten. Egun handia hasteko Arauntzara mendi txangoa izan zen, "taldeak bere lehen irteera ofizialean egin zuen bezala"; eta horren ondoren, falta diren elkarteko kide guztien omenezko lore eskaintza (Arauntza gailurrean) eta meza (parrokian), historian zehar elkarteko batzordekide izan direnen taldeko argazkia, bazkaria (200 lagun elkartu ziren azoka plazan), bertsolariekin eta trikitilariekin girotutako bazkalondoa edota umeentzako jolas parkea izan ziren. Mendi Bazkunak nahi baino gehiago itxaron behar izan zuen bere 75. urtemugako festa ospatzeko baina bizi izandako giro ona ikusita... zain egote horrek merezi izan zuen.

75 Urte Eguna ospatuta, Lagun Onak Mendi Bazkunak ez du atsedenik hartuko eta larunbatean berreskuratuko du bere jarduna; Azpeitia eta Iruñea lotzeko egitasmoaren hirugarren etaparekin. Oraingoan Leitza Aldatzekin lotuko duen 17 kilometroko ibilbidea egingo dute eta parte hartu nahi dutenek mendizaleen web gunean eman dezakete izena.

Eta hori gutxi balitz, gaztetxoekin eskolarteko ibilaldi neurtua izango da igandean Azpeitian. Mendizaletasuna Azpeitian bizirik jarrai dezala!!