Urola Erdiko udalerrietan ekintzaleentzako laguntzak eskatu daitezke joan den ostiraletik. Eskualdeko eskaera guztiak Azpeitiko Udalak kudeatuko ditu eta interesatuek abenduaren 13ra arte aurkez ditzakete beren proiektuak eta eskaerak, udaletxean.

Azpeitiko Udaletik jakinarazi dutenez, bi motatako laguntzak izendatu ditu Lanbidek: "Negozio ideia bat duten ekintzaleentzako lerroa, batetik: eta bideragarritasun plana dagoeneko landuta duten eta jarduera abian jartzeko azken bultzada behar duten ekintzaileei bideratutakoa, bestetik".

Negozio bat abiatzeko ideia dutenen kasuan, bi hilabetez negozioaren azterketa lantzeko konpromisoa eskatzen da deialdi honetan, eta adinaren eta generoaren arabera, onartutako eskaerek 1.000 eta 1.300 euro arteko dirulaguntza jasoko dute. Urola Erdian aurkezten diren eskaeren artean, gehienez zortzi onuradunen proiektuak lagunduko ditu Lanbidek.

Jarduera abian jartzeko laguntzari dagokionez, hiru hilabeteko dedikazioa eskaintzeko konpromisoa eskatzen da, eta epe hori amaitu ondoren enpresa abian jartzekoa ere bai. Hori horrela gauzatzen bada, eta adinaren eta generoaren arabera, 1.500 eta 1.950 euro bitarteko lagun-tza jasotzeko aukera izango dute beste zortzi ekintzailek.

Onartutako ideien eta proiektuen tutorizazio prozesua abenduaren 15ean hasiko da.

Eskaera orriarekin batera, lagun-tza jasotzeko interesa dutenek "errolda agiria, Lanbiden izena emanda egotearen ziurtagiria, bizitza laborala eta ogasunean jarduera ekonomikoen zergan, azken urtean, altan ez direla egon adierazten duen ziurtagiria" aurkeztu behar dituzte. Horretaz gain, negozio bat abiatzeko ideien laguntzetara aurkezten diren eskualdeko herritarrek beren proiektuaren deskribapena aurkeztu beharko dute; eta, jarduera abian jartzeko lerrora aurkezten direnek, bideragarritasun plana.