eldurrezko eta fantasiazko zinemarekin disfrutatzen duten guztiek galdu ezin duten hitzordua izango dute datorren hilabetean Azpeitian. Izan ere, Urola Erdiko herriak Ospel Films ekoiztetxeak eta Kulturaz Kooperatibak elkarlanean antolatutako Hator Hator Horror Fest beldurrezko zinema jaialdiaren lehen edizioa hartuko du abenduaren 10etik 12ra bitartean. Zine emanaldiekin batera, beldurrezko filmekin lotutako askotariko ekimenak izango dira.

Hator Hator Horror Fest jaialdiari hasiera ona emateko Xanti Rodriguez azpeitiarrak zuzendu dituen Ospel Films ekoiztetxearen Pasaia, Ospel eta Lekaime laburmetraiak ikusteko parada egongo da abenduaren 10ean (19.00etatik aurrera) Soreasu antzokian.

Kulturaz Kooperatibatik azaldu dutenez, "Pasaia filma Sitgeseko Beldurrezko Astean estreinatu ostean, Soreasuko pantailan primizian ikusi ahalko da". Emanaldia borobiltzeko, nazioarteko hainbat sari eskuratu dituzten Lekaime (Sitges, 2018an) eta Ospel (Donostiako Beldurrezko Astea, 2020an) film laburrak eskainiko dira eta, azkenik, Xanti Rodriguez film laburren zuzendariarekin solasteko aukera izango da.

Hurrengo egunean, beldur eta fantasiazko film laburren bi pase egingo dira Soreasun: 10.00etan beldurrezko laburmetraiak eskainiko dira eta bi ordu beranduago animaziozko ikus-entzunezkoak. Arratsaldean, berriz, bi luzemetrai ikusi ahalko dira Soreasun, 16.30ean eta 19.00etan. Antolatzaileek "datak gerturatu ahala" emango dituzte ezagutzera goizeko eta arratsaldeko filmen izenak. Edonola ere, jaialdiaren bigarren eguneko egitaraua osatzeko Hator Hator garagardoaren aurkezpena eta dastaketa izango dira Sanagustin kulturgunean. Brew&Roll garagardo marka nafarrak ekoiztu du odolez zipriztindutako garagardo berezi hori, zinema jaialdiari bultzada emateko.

Azpeitian antolatutako aurreneko beldurrezko zine jaialdiari amaiera ona emateko hainbat ekintza izango dira abenduaren 12an: Emakumeak Zinemagintzan mahai ingurua (11.00etan Sanagustinen), haurren-tzako makillaje tailerra (12.30ean) eta beldurrezko film klasiko baten proiekzioa (17.00etan Soreasun).

Gainera, abenduaren 6tik 12ra bitartean Ospel Films ekoiztetxe proiektuen artbook erakusketa egongo da ikusgai Sanagustinen.

Antolatzaileek jakinarazi dute ekitaldietarako sarrerak laster jarriko direla salgai, kulturaz.eus webgunean eta Sanagustinen.

Jaialdiari hasiera emateko Xanti Rodriguez azpeitiarrak zuzendutako 'Pasaia', 'Ospel' eta 'Lekaime' laburmetraiak ikusi ahalko dira Soreasun