- Azpeitiko Udalak jakinarazi duenez, auzoetako herritarren mugikortasuna eta bizi-kalitatea hobetzeko iazko urrian martxan jarri zen auzo-taxi zerbitzuaren erabiltzaileek Herritarren Arreta Zerbitzuan edo Udalaren web gunearen bitartez (dirulaguntzen atalean) berritu behar dute erabiltzaile txartela. Izan ere, iaz emandako txartelak hilaren 30era arte funtzionatuko du eta azaroaren 2tik aurrera ezin izango da erabili.

Udaletik gogorarazi dutenez, herriko hainbat landa-eremutan eta Urrestillan erroldatutako bizilagunek erabil dezakete auzo-taxia baina zerbitzua jaso ahal izateko erabiltzaile txartela beharrezkoa da, eta iaz ateratako txartela berritu beharko da zerbitzua erabiltzen jarraitzeko. Txartela lehen aldiz atera nahi dutenek ere horretarako aukera izango dute".

Astelehenetik ostiralera bitartean auzo-taxi zerbitzua 7.30etik 20.30era erabili daiteke eta larunbatetan 9.00etatik 20.30era arte. Hori bai, zerbitzua erabili ahal izateko erabiltzaile txartela behar da.

Txartela ateratzeko honako auzoren batean erroldatuta egon behar da: Aratz Erreka, Eizagirre, Elosiaga, Izarraitz, Loiola (diseminatua), Nuarbe, Matxinbenta, Odria, Oñatz, Oñazbidea edo Urrestillan.

Zerbitzua 18 urtetik gorakoek erabil dezakete; eta 12-18 urte bitartekoek gurasoen baimenarekin. Erabiltzaileak hiru euro ordainduko ditu bidaiako, bakarrik joanez gero (erabiltzaile bat baino gehiago badira 1,5 euro ordainduko ditu bakoitzak).