igarren urtez jarraian, covid- 19ak eragindako pandemiaren bilakaeraren ondorioz aurtengoa ere ez da ohiko uda izango. Hori dela eta, Azpeitiko Udalak eta herriko festen antolakuntzan lan egiten duten eragileek Santio eta Saninazio jaiak bertan behera uztea erabaki dute, "adostasun zabalarekin".

Udaletik azaldu dutenez, "txertaketa kanpainarekin aurrera egin eta prebentzio neurriak arindu badira ere, oraindik normaltasunerako abagune gutxi eskaintzen du egoerak".

Bizi dugun osasun-krisiaz kezkatuta eta festak gero eta gertuago daudela ikusita, Udal ordezkariek hainbat bilera egin dituzte azken astean festetan parte hartzen duten eragileekin. Aurretik ere, talde ezberdinekin eta alde zaharreko tabernariekin festen inguruko iritziak elkartrukatzeko aukera izan du Mikel Odriozola Festa Batzordeburuak, beti ere, "herri gisa nola jokatu erabakitzeko".

Bide horretan, uda honetan festarik ez antolatzea, eta jai egunetako egitarauan antolatu ohi diren ekin-tzak dataz aldatzea eman da ontzat. Hala, hainbat ekitaldi bertan behera utziko dira eta beren ekitaldia antolatzea erabaki duten talde eta elkarteek uztailean zehar, abuztuan edo udazkenera atzeratuko dituzte (dagoeneko hainbat data jarriak daude).

Santio eta Saninazio festak bertan behera utzi arren, Udalak eta Azpeitiko eragileek data horietan egon daitezkeen jende pilaketak, eta ondorioz, gerta daitezkeen kutsaketak ekidin asmoz lanean jarraitzeko konpromisoa hartu dute. Horrela, herritarren osasuna lehenetsiko da aurtengoan ere. Eta prebentzio neurriak bete daitezen elkarlanean ariko dira Udala eta herriko hainbat eragile.

Mikel Odriozola Festa Batzordeburuaen hitzetan, "arduraz jokatzeko momentua da. Badakigu Santio eta Saninazioak, beste festa guztiak bezala, oso preziatuak direla herritarren artean. Baina aurten ez dago festak ospatzeko baldintzarik. Arduraz jokatzeko momentua da, herritar guztion osasuna babesteko".