Azpeitia | 22 kultur sorkuntza proiektu aurkeztu dira Sormen Beketara

Epaimahaiak "oso proiektu interesgarriak" aurkeztu direla aurreratu du eta datozen asteotan esleituko ditu bekak

06.06.2021 | 00:29
Miriam Quintanak (hirugarrena ezkerretik) emandako lana. Argazkia: N.G.

Azpeitia Azpeitiko Kultur Sormenerako Bekak indarra hartzen ari dira eta horren adierazle da aurtengo deialdira 22 proposamen iritsi izana. Epaimahaia dagoeneko bildu da proposamenak aztertzeko, eta datozen asteotan jakinaraziko du beka nork jasoko duen eta zenbateko laguntza jasoko duen proiektu bakoitzak.

Beka hauek Kultur sorkuntza bultzatzeko eta sortzaileei beren obra sortzeko laguntza ekonomikoa emateko helburuarekin sortu ziren, eta urtez urte hainbat proiektu gauzatu dira laguntza horren bidez.

Urte guzti hauetan, diru laguntza ere handitzen joan da (lehen deialdian 6.000 eurokoa izan zen, ondorengo urteetan 12.000 eurokoa eta iaztik 20.000 euro bideratzen dira sortzaile berriak laguntzera). Gainera, bigarren urtez jarraian sormen prozesuetarako laguntzaz gain, Azpeitian sormen egonaldiak egiteko 4.000 euro arteko bi laguntza ere ematen dira.

Azpeitiko Udaleko ordezkariak pozik daude beka deialdiak izan duen erantzunarekin. Ainara Larrañaga Kultura batzordeburuak eta epaimahaiko kideak azaldu duenez, "oso proiektu interesgarriak" aurkeztu dira aurtengo deialdira. Bere hi-tzetan, "gero eta kultur sortzaile gazte gehiagok aurkezten dituzte proiektuak, eta hori oso pozgarria da. Bizitzen ari garen garai ezegonkor hauetan, gainera, inoiz baino gehiago dagokigu kultur arloa eta sortzaileak laguntzea eta baliabideak eskaintzea".

Bide horretan, Dinamoa Sormen gunea sortzaileentzat irekia dagoen azpiegitura publikoa dela gogorarazi du: "Sortzaile guztiek dute han bere proiektuak gauzatzeko lekua. Asko dira bertan aritzen direnak, eta oraindik animatu ez direnak ezagutzera animatu nahi ditut".

Sortzaile baten opari Miriam Quintana gazteak naturako materialekin eta margoekin egur gainean esperimentatu zuen iazko kultur sorkun-tzarako beken bidez eta prozesu horretan sortutako margolanekin maiatzean Azpeitian ikusgai egon zen Bizipenak erakusketa osatu zuen.

Quintanaren hitzetan lan bakoitza pertsona batengan pentsatuta egin du: "Azpeitira bizitzera etorri nintzenetik, familiaz aparte niretzat garran-tzitsuak izan diren pertsonei zuzendutako lanak dira", zehaztu du. Hala ere, margolan horietako bat emakumeei zuzenduriko da, eta herrian ikusgai jarri nahi zuen: "Bizipenak margolana Emakume Txokorako egokia dela iruditzen zait, eta bertan jartzeko proposamena luzatu nien, eta gaurtik hementxe izango da", gaineratu du.

Sormen beken helburua kultur sortzaile berriei baliabideak eskain-tzea izan da hasieratik; bueltan, herritarrentzako aberasgarri izateko: "Miriamena da horren adierazlea, beka jaso zuen, sormen prozesua egin du, erakusketa ere bai herritarrek ikus dezaten, eta, gainera, koadro bat herritarren eskura utzi du Emakume Txokoan", azpimarratu du "eskertuta" Eneritz Albizu zinegotziak.

noticias de noticiasdegipuzkoa