- Azpeitiko Udalak Hiri Mugikortasun Jasangarrirako Plana berritzeko prozesua abiatu berri du, etorkizuneko mugikortasun politikak planifikatzeko helburuarekin, eta horregatik herritarren iritzi eta ekarpenak jaso nahi ditu.

Horretarako Azpeitiko eragile desberdinetako pertsonengana joko du zuzenean; baina, era berean, herritar norbanakoen ekarpenak jasotzeko inkesta zabaldu du azpeitia.eus Udal webgunearen bitartez.

Udalak jakinarazi dutenez, nahi duten herritar guztiek ekainaren 2ra bitartean bete ahalko dute webgunean egokitutako online inkesta. Era berean, Azpeitiko Udalak, herritarrak animatu nahi ditu beren ekarpena egitera, "mugikortasun plan hobea osatu eta denontzako Azpeitia egiten jarraitzeko".

Mugikortasun planaren bidez, finean, "Azpeitian bizi, lan egin edo bere aktibitatea garatzen dutenen bizi kalitate hobetu nahi da".

Azpeitiko mugikortasunaren planifikazioaren printzipio nagusiak irisgarritasuna hobetzea eta garraioaren eragina gutxitzea izango dira. Plana, hiru fasetan egingo da: Lehen fasean gaur egungo egoeraren analisia eta diagnosia egingo dira; bigarrenean ekintza plana osatuko da; eta hirugarrenean plana tramitatuko da.

Edonola ere, Udalarentzat Mugikortasun Plana osatzeko "ezinbestekoa izango da herritarren ekarpenak jasotzea". Horregatik, adin guztietako azpeitiarrak gonbidatu nahi ditu ekainaren 2ra arte egin ahalko den inkesta betetzera.