Azpeitia- Nagore Alkorta Azpeitiko alkatea, burubelarri ari da lanean, alde batetik, covid-19ak eragindako ondorioei aurre egin eta herritarrei eragindako kalteak kudeatu eta arintzeko neurriak hartzen; eta, bestetik, etorkizuneko Azpeitia eta azpeitiarren erronkak zehaztu eta horiek gauzateko bideorria prestatzen. Azken hilabeteotan Azpeitia 2030, Denon Artean etorkizuna plan estrategikoa garatu du Azpeitiko Udalak eta, horretaz gain, etorkizunerako estrategikoak izango diren hitzarmenak ere sinatu ditu Eusko Jaurlaritza eta Gipuzkoako Foru Aldundiarekin.

Egunerokoan eta etorkizunean duzue jarrita begirada, azken aldian.

Bai, noski. Gaur egungo egoeran, ohi baino garrantzia handiagoa hartu du herritarren eguneroko arazo eta beharrei azkar erantzuteak. Baina egunerokoa kudeatzeaz gain, etorkizunean ere jarri dugu begirada. Gure ustez garrantzitsua da etorkizuneko erronkak gaurtik hastea lantzen. Berandu izan baino lehen, gai estrategikoei heldu eta azpeitiarrei egunero Azpeitia hobeago bat eskaintzeko proiektu, neurri eta baliabideak eskaintzea nahi dugu.

Laster, ‘Azpeitia 2030 plan estrategikoa. Denon Artean etorkizuna’ lemapean osatutako plan estrategikoa onartuko duzue.

Bai, ondo bidean, maiatzeko plenoan onartuko dugu. Eta ozen esan dezakegu: Azpeitiak badu plana etorkizuneko azpeitiarren erronkei aurre egiteko. Garrantzitsua da herri ikuspegi eta estrategia bat izatea aurrera begira. Gaur egun, gainera, covid-19aren pandemiatik irteera aro berri baten hasiera izango da, eta garrantzitsua da udalak hainbat arlotan proiektu sendo eta estrategikoak izatea. Azpeitiarron behar eta arazoak erdigunean jarri eta denontzako Azpeitia bat dugu helburu.

Zein dira zuen lehentasunak?

Lehentasun nagusiak egoera ekonomikoa, enplegua sortu eta langabeziari aurre egitea eta herritarren ongizatea eta bizi kalitatea hobetzea dira. Elkar lotutako arloak dira, eta azpeitiarren lehentasunak dira. Azpeitiarren lehentasunak gure egiten ditugu, eta beren arazoak gure eginbeharrak dira.

Zein neurri hartu dituzue bi arlo horietan?

Egoera ekonomikoari eta langabeziari aurre egiteko apirileko plenoan 500.000 euroko Sustapen Ekonomikorako laguntzak onartu ditugu. Laguntza horien bidez herriko merkatari, ostalari, enpresa industrial, autonomoei lagun-tzak eskaintzen zaizkie. Ehun ekonomikoaren berrikuntza, digitalizazio eta garapena bultza-tzen ditugu, azpeitiar langabetuen kontratazioekin batera. Gaur egun, Azpeitiko langabeziaren tasa %8,5ekoa da, eskualdeko, Gipuzkoako eta EAEko tasa baino baxuagoa da, baina langabetu bakoitzaren atzean herritar bat eta familia bat daude, eta lanean jarrai-tzen dugu horiek ere lana izan dezaten. Okerren pasatzen ari diren azpeitiarren ongizatea bermatzeko, berriz, 382.000 euroko udal laguntzak bideratuak ditugu. Laguntza horien bidez, oinarrizko beharrak asetzeko lagun-tzak ematen ditu Udalak. Azken urtean, ohiko laguntza horietaz, gainera, hainbat lagun-tza gehigarri ere bideratu ditugu, momentuko behar zehatzei erantzuteko.

Ekonomia eta gizarte zerbitzuei loturiko bi hitzarmen garrantzitsu ere sinatu dituzue Eusko Jaurlaritza eta Gipuzkoako Foru Aldundiarekin.

Hori da. Azpeitiaren garapenerako proiektu garrantzitsuak dira bi hitzarmenen bidez gauzatuko direnak. Agintaldia hasi genuenetik bi arlo horietan eskuduntza duten erakunde eta sailekin harremanetan izan gara hitzarmenak egin eta elkarlanean hasteko. Sinatutako hi-tzarmenetan islatu dugu elkarlanerako konpromisoa. Azpeitiarren beharrei erantzungo dieten proiektuak dira eta lanean ari gara hitzartutakoa betetzeko.

Larringo lur industrialen garapenari lotutakoa da Eusko Jaurlaritzarekin sinatutakoa.

Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Iraunkortasuna eta Ingurumen sailarekin Larringo eremuan lur industrialen garapena gauzatzeko hitzarmena sinatu genuen, iazko azaroan. Gaur egun, industria lurren beharra dugu Azpeitian, batez ere, herriko industriak bertan hazten jarraitzeko eta berriak erakar-tzeko. Hitzarmen horretaz gain, Landetako industriagunea eraberritzeko lanketa egiten ari gara.

Gizarte beharren inguruko lanketa ere Gipuzkoako Foru Aldundiarekin elkarlanean aztertzen ari zarete.

Foru Aldundiko Gizarte Politiketarako sailarekin gizarte beharrak aztertu eta horiei erantzuna emateko baliabideak sortzea da sinatua dugun hitzarmenaren helburua. Azpeitiko gizarte baliabide eta zerbitzuen inguruko hausnarketa eta aztertzeko prozesua abian dugu, eta horren baitan, tokiko arreta-ekosistema bat bultzatuko da, eredu berri eta berri-tzailea sustatuz, gizarte zerbitzuen eskaintza handituz eta behar berrietara egokituz.