- Azpeitiko Orkatz kultur elkarteak nahi duten herritar guztien partaidetzari irekita dagoen sormen lehiaketa antolatu du, bere sorreraren 28. urteurreneko ospakizunetan murgilduta. Sortzaileek poesia, bertsoa, abestia, collagea, margolana, dantza, TikTok-eko bideoa edo beste edozein sormen eremuari lotutako lana aurkeztu ahalko dute. Hori bai, jorratu beharreko gaia Utzi leiho bat zabalik izango da.

Sariketara aurkeztutako sormen lan guztiekin, Orkatzek erakusketa bat guzatuko du ekainean, elkartearen egoitzan bertan.

Kultur elkarteko lagunek jakinarazi dutenez, "Orkatzek 28 urte beteko ditu aurten, eta urteurrenari begira, egitarau oparoa antolatu nahian gabiltza. Antolatzen ditugun ekintzen aukera zabaldu nahian, aurtengoan, sortzaileen erakusketa herrikoia egingo dugu".

Esan bezala, sariketa horretan parte hartzera animatzen diren guztien sormen lanekin erakusketa bat prestatuko dute ekainean: "Ezarri dugun gaiari buruzko sormen lan bat egiteko interesa duen orok parte har dezake dinamikan, eta aurkeztutako lan guztien artean bi saritu izango dira".

Irabazleek Kulturaz kultur kooperatibak kaleratzen duen eta 2021ean zehar Azpeitian antolatuko diren kultur ikusikunekin disfrutatzeko aukera emango duen Kultur Bono bana eskuratuko dute sari gisa.

Sormen lanak aurkezteko epea maiatzaren 31n amaituko da eta antolatzaileek herritar guztiak animatu nahi dituzte edozein modalitateari lotutako lan bat prestatu eta sormen erakusketan parte hartzera.

Kultur elkarteko kideek esan dutenez, "Orkatzeko txokoak herritarren irudimenaz apaintzeko gogoz gaude!".