- Aurreko urteotan bezala, Azkoitiko Udalak euskara sustatzeko ematen dituen dirulaguntzak eskatzeko epea ireki du. Udalaren Euskara zerbitzuak mota ezberdineko laguntzak emango ditu aurten ere.

Herriko enpresetan euskara planak sustatzeko dirulaguntzei dagokionez, Udalak, gehienez ere, 2.000 euro emango dizkio enpresa bakoitzari eta eskaerak uztailaren 1era bitartean aurkez daitezke.

Bestalde, euskara ikasteko diru-laguntzak daude. Hortaz, "euskaltegian neguan eta udan ikastaroak egin eta gainditzen dituztenei, matrikularen %75a ordainduko zaie" (dirulaguntza hori ez da 500 eurotik gorakoa izango). Ikastaro trinko, autoikaskuntza eta Internet bidez ikastaroak egin eta gainditzen dituztenei, berriz, matrikularen %70a ordainduko zaie (600 euroko mugarekin). Era berean, barnetegian ikastaroak egin eta gainditzen dituztenei, matrikula, jatordu eta egoitza gastuen %70a emango zaie, betiere 1.300 euroko mugarekin.

2020-2021 ikasturteari dagokionez, euskara ikasteko dirulaguntzak eska-tzeko epea irailaren 30era arte izango da irekita eta 2021-2022 ikasturteari buruzkoak urriaren 18tik azaroaren 19ra arte eskatu ahalko dira.

Guzti horietaz aparte, Udalak, UEUren eta EHUren uda ikastaroetara joateko eta errotuluak, irudi korporatiboa, webguneak, programa informatikoak edota publizitatea euskaraz egiteko dirulaguntzak emango ditu. Oinarriak eta eskaera orriak Udalaren azkoitia.eus webgunean eskuragarri daude.