- Azkoitian, Azpeitian, Errezilen eta Zestoan egindako bertso saioek izandako arrakastaren ondoren, Erniarraitz bertsozale elkarteak ezohiko bertso bazkari batekin emango dio jarraipena joan den urteko azaroan martxan jarri zuen Bertso Urtia egitasmoari. Bertso bazkaria hilaren 25ean egingo da (14.00etan) Azkoitiko Joseba jatetxean, Maialen Lujanbio eta Julio Soto bertsolarien partaidetzarekin.

Antolatzaileek jakinarazi dutenez, saioa "aspaldi ikusi gabeko formatuan" egingo da eta bertaratzeko interesa duten zaletuek apirilaren 16a baino lehen eman behar dute izena, erniarraitz@gmail.com helbidera idatzita. Bertso bazkariaren prezioa 30 eurokoa da eta pandemiak eragindako egoeraren aurrean ezarritako osasun neurriak betetzeko, izen-ematea "bikotea edo laukotea osatuta" egin beharko da.

Bertsozale elkartearentzat ardura handia da otordu bueltako saio bat antolatzea eta horregatik osasun neurri guztiak zorrotz zainduko direla aurreratu du. Mahaiak "ostalari-tzako araudiaren arabera" antolatuko dira eta bertaratzen direnek "arduraz" jokatu beharko dute.