- Nagore Alkorta, Azpeitiko alkateak, eta Jose Luis Otamendi, Kulturaz kooperatibako lehendakariak, bi erakunderen arteko lankidetza hitzarmena sinatu zuten atzo Udalbatzarrak otsailaren 2ko osoko bilkuran aho batez onartu ondoren.

Beste lau urtez luzatzeko aukera izango bada ere, sinatutako akordioak 2024ra arteko iraupena du eta ordura arte Kulturaz irabazi-asmorik gabeko kooperatibak bere gain hartuko du Soreasu antzokia, Sanagustin kulturgunea eta Dinamoa sormen gunea kudeatzeko ardura.

Udalak, berriz, gehienez ere, 150.000 euroko dirulaguntza emango dio urte bakoitzeko kooperatibari “elkarrekin adostuko diren proiektuak garatzen joateko”. Hori bai, Udal aurrekontuetatik jasoko duen diru-partida Kulturazek bere jarduera aurrera eraman ahal izateko beharko duen aurrekontuaren “%10-15a” besterik ez da izango. Ondorioz, kultur kooperatibak orain arte izan dituen diru-iturrietatik edaten jarraitu beharko du, beti ere, “aurrekontu osoaren %80-90a autofinantzaketarekin osatzeko” (kooperatibaren aurtengo aurrekontua 1,5 milioi eurokoa da).

Hortaz, Kulturazek hainbat diru-iturri ditu: “beste erakunderen laguntzak, babesleen eta bazkideen ekarpenak, antolatutako ekitaldien sarreren salmenta, formakuntza eskolak, Sanagustin kulturguneko ostalaritza zerbitzua edota enpresei eskainitako aholkularitza eta zerbi-tzu teknikoak”.

Azpeitiko Udalak eta herriko Kultur Mahaiak sortutako Kulturaz kooperatibak 2011. urtean ekin zioten lankidetzari baina atzo sinatutako hitzarmenari esker “aurrerapauso integralagoa” emango dute bi erakunderen arteko elkarlan horretan.

Nagore Alkorta alkatea “pozik” agertu zen hitzarmena sinatzeko ekitaldian. Bere hitzetan, “Azpeitian altxor handi bat da kultur mugimendua, eta berriz ere horri balioa eman nahi izan diogu, lankidetza hitzarmen honekin. Izan ere, aurreran-tzean Kulturaz kooperatibak Sanagustin kulturgunea, Soreasu antzokia eta Dinamoa sormen gunea kudeatuko ditu. Baina ez gara zerotik abiatzen, azken hamar urteotan asko indartu da kultur dinamika Azpeitian eta gaur aurkeztera gatozen hitzarmen honekin, dagoeneko oinarri sendoa duen bide hori indar-tzeko pauso berri bat eman nahi dugu”.

Alkateak esandakoari eutsiz, sinatutako hitzarmena prestatzeko “ez da erraza izan administrazio arloko zenbait eragozpen gainditzea” baina aurkitutako formularen bidez “gure kultura eta herriko kultur mugimendua osotasunean sustatuko ditugu, hartu beharreko erabaki oro komunean gauzatuz”.

Jose Luis Otamendi, Kulturaz-eko lehendakariarentzat, berriz, sinatutako hitzarmena “bizi dugun aldi gogor honetan argitasun eremu bat zabaltzera dator”. Bere ustetan, akordioak “autonomia eta elkarlanaren arteko oreka sakon jorratzen jarrai-tzea ahalbidetuko du”, beti ere, “pertsonen nortasuna eta herri izaera lantzeko helburuz”. Ildo horretan, “mugarri garrantzitsua finkatu berri delakoan” dago Otamendi: “asma-tzen dugun edo ez geroak esango du. Hala ere, seguru nago kontratu honen bitartez herri mailan koska bat gora egin dugula”.