- Azpeitiko Udalak, urtero, otsaila-martxoa artean Zuhaitz Eguna egin ohi du baina pandemiak eragindako egoeraren ondorioz aurtengoan herritarrek ezin izango dute landaketetan parte hartu. Hala ere, Udalak urteroko landaketari eustea erabaki du, berdeguneen eta ingurugiroaren zaintzaren inguruan egiten duen lanaren baitan.

Hori dela eta, Udalak espezie desberdinetako 50 zuhaitz landatuko ditu datozen egunotan herriko hainbat txokotan. Udaletik jakinarazi dutenez, zuhaitzak "Loiolarako bidean eta bidegorrian, Goenan, Antzibarrenan, Garmendin, Salben, Euskalerrian eta Izarraitzko atea parkean eta inguruan" landatuko dira.

Guztira "zazpi tulipero, 16 likindabarra, hamaika urkizuri eta urki, lau gereziondo, bi ezki, hiru pago, bi hibiscus syriacus eta artea, Astigarra, taxodium distichum eta sequoia semperviven bana" landatuko dituzte, hain zuzen ere.

Aitor Bereziartua Ingurumen arloko zinegotziaren hitzetan, zuhaitzek duten garrantzia aintzat hartuta erabaki dute aurten ere zuhaitzak landa-tzea: "Askotan, ahaztu egiten zaigu zuhaitzek gure ingurumenean duten garrantzia baina Udalak ingurumenaren zaintza eta berreskuratzean eta kutsadura gutxitzearen baitan duen konpromisoa aintzat hartuta erabaki du urteroko landaketari eustea".

Azken urteotan goiz "polita" izan ohi da Zuhaitz Egunarena, herritar ugari parte hartzera animatu izan direlako "baina horretarako baldin-tzarik ezean, Kimu bat enpresak landatuko ditu zuhaitzak aurten", azaldu du Bereziartuak berak.