Inklusioaren alde lan egiten duten eskualdeko eragileekin lankidetzan, elkarlaneko proiektu pilotuak abian dira Urola Erdian egoera zaurgarrienean diren pertsonen gizarteratzea eta enplegagarritasuna sustatzeko.

Horien artean, Gipuzkoako Foru Aldundiarekin elkarlanean Azpeitian martxan dagoen ElkarEkin proiektu estrategikoa dago. Honek bi lan lerro ditu eta horien bitartez integrazioa eta laneratzea bilatzen da.

Udaletik azaldu dutenez, alde batetik, “oinarrizko konpetentzien prestakuntza eta Bigarren Mailako Lanbide Ziurtagirien eskaintza indartzea da helburua, pertsona gehienek izan dezaten aukera lan merkatuan sarbidea izateko”. Testuinguru horretan, Azpeitian bi ikastaro daude martxan. Irailaren bukaeratik hamabost pertsona ari dira Basazabal Jauregian Oinarrizko Konpetentzia Formakuntza Ikastaroan parte hartzen. Hori buka-tzean, bigarren mailako profesionaltasun-ziurtagirien ikastaroak egiteko aukera izango dute: “Proiektu horri esker 45 pertsonak eman diote hasiera laneratzeko prestakuntzari”.

Ildo beretik, Mendeko pertsonei Arreta Laguntza Lanbide Ziurtagiriaren edizio berri bat ere abian da urritik (ikastaro horrekin beste hamabost pertsonek dute profesional ziurtagiria ateratzeko aukera) eta Izarraitz Lanbide Heziketaren bidez, bigarren mailako soldadurako lanbide ziurtagiri berria ere abian da (beste 15 pertsona ari dira ikastaro hori egiten).

Bestetik, bigarren lan lerro nagusia, inklusio soziolaboraleko zerbitzu sare integratua garatzea da, eskualdeko laneratze eta gizarteratze eragileen elkarlanaren bitartez. Ildo honetan, otsailean abiatu zen UrolanEkin sarean, eskualdeko egoeraren diagnostiko eta beharrak aztertu eta lehentasunezko ekintza lerroak adostu ziren, enplegu eta arlo sozialeko eragileen artean ekintza plana aktibatuz, proiektu talde desberdinekin eta Iraurgi Berritzen eskualdeko garapen agentziatik koordinatuta.

Bailarako eragileek argi dute formazio eskaintza indartzea ezinbestekoa dela “langabeziari aurre egin eta herritarren integrazioa lortzeko”.