Karitasen aldeko Jaiotza ez dute kalera aterako aurten Azpeitian

Julian Barrenetxea abesbatzak kontu korronte bat ireki du Karitasentzat ekarpenak biltzeko

15.12.2020 | 00:46

Azpeitia – Azken 35 urteotan Azpeitiko kaleak kantuz girotuz aritu ondoren, Julian Barrenetxea abesbatzak jakinarazi du "koronabirusak eragindako egoera dela eta", aurtengo Gabon bezperan ez dela Karitasen aldeko Jaiotza kalera aterako.

Edonola ere, abesbatzak Karitasi laguntzen jarraitzeko diru bilketa abiatu du eta bere ekarpena egiteko gogoa duten herritarrek horretarako aukera dute Kutxabank-en irekitako 2095 5029 1310 6139 7831 kontu korrontearen bitartez.

Julian Barrenetxea abesbatzako lagunek eskerrak eman nahi izan dizkiete 35 urte luze hauetan guztietan abesbatzen Jaiotza posible egin duten guztiei: "Azpeitiko Udalari, Parrokiako koroko lagunei, Kantujirakoei, karroza bultzatzen aritu direnei, beren alea jarri duten norbanako guztiei, txistulariei eta Rebeka Larrañagari, hura aritu baita azken urteetan Jaiotzako abesbatza zuzentzen".