- Kulturaz Azpeitiko Kultur Kooperatibako lagunek esan dutenez, pandemiak sortutako egoera honen aurrean "ezinezkoa" suertatu zaie 2021erako Kultur bonoarentzako planteamendu egonkor bat plazaratzea: "aurtengo urte gorabeheratsuaren ondoren, ez dakigu datorrena nolakoa izango den: zer neurri hartuko diren, zer nolako edukierak baimenduko diren, hauen bilakaera...". Hortaz, 2021eko Kultur bonoa oraindik ez ateratzea erabaki du. Hala ere, aurtengo Kultur bonoa dutenek datorren urte hasieran erabiltzen jarraitzeko aukera izango dute.

Kultur bonoaren balorazio positiboa egiten jarraitzen du kooperatibak: "komunitatea egiteko eta kultura herritarrei gerturatzeko tresna garrantzitsua da, eta herritarren eskuetan egoten jarraitu nahi dugu", azaldu dute.

Konfinamendua, pandemiari aurre egiteko neurriak eta bestelako zailtasunak izan arren, 2020ko Kultur bonoa 21 ekitalditan erabili ahal izan da dagoeneko: "datu esanguratsua da, 2019an ere 21 ekitalditan erabili ahal izan baitzen bonoa", nabarmendu dute Kulturazetik. Dena den, "edukiera-mugak direla eta, aurtengo baldintzak ez dira iazko berdinak izan".

Gauzak horrela, "behin behineko planteamendu gisa", 2020ko Kultur bonoa dutenei 2021 hasieran bonoa erabiltzen jarraitzeko aukera emango zaie. Beraz, "datorren urtearen hasierarako programatutako ekitaldietan 2020ko bonoa erabili ahal izango da, aurtengo baldintza berdinetan".

Datozen hilabeteetan ikusiko da pandemiak eta honek eragindako neurriek zer bilakaera duten. Kulturazek "horren arabera" egingo du bono berriaren planteamendua.