Neska Gazteen Txokoak hilaren 16an irekiko ditu ateak Azpeitian

Emakumeen Txokoan egokitutako gune berria DBH 3tik 18 urtera arteko neskei zuzenduta dago

11.10.2020 | 00:45

Azpeitia – Emakumeen Txokoa orain dela sei urte ireki zuten Azpeitian eta ordutik adin guztietako emakume ugari pasa dira bertatik. Hala ere, aurrerantzean neska gazteek ere beren txoko propioa izango dute bertan.

Duela bizpahiru urte egindako hausnarketa baten ondorioz sortua, Neska Gazteen Txokoak datorren ostiralean irekiko ditu bere ateak. Gunea DBHko 3. mailakoetatik 18 urtera arteko Azpeitiko neska guztiei irekita egongo da eta bertan era ezberdineko egitarauak eta ekintzak burutuko dira.

Udalak jakinarazi duenez, Neska Gazteen Txokoan "gazteen behar konkretuei zuzendutako ahalduntze ikastaroak antolatu dira; eta horrez gain, antolakuntzarako gune baten dinamizazioa eskainiko da". Besteak beste, autodefentsa feminista ikastaroa, maitasun erromantikoaren mitoak eta edertasun eredu eta lodi erresistentziak izango dira landuko diren gaiak. Guneari dagokionean, berriz, ahalduntze kolektiborako baliabideak eskainiko dira, taldean, matxismoari aurre egiteko estrategiak eraikiz.