Azkoitiak futbol zelai berria du Elkargunean

Aniztasun funtzionala duten herritarrek eta adinekoek lehentasunezko ordutegia izango dute igerilekuan

27.06.2020 | 00:29

Azkoitia – Azkoitiko Udalak jakinarazi duenez, "azken ukituak falta badira ere, dagoeneko bukatzear daude Elkarguneko belar artifizialezko futbol zelai berria egiteko lanak". Futbolean aritzeko ekipamendu berri hori "lehen kanpoko saskibaloi pista zegoen tokian" eraiki da eta Udalak 113.012 euroko aurrekontua bideratu du lan horietarako.

Belar artifizialezko zelaia igerileku berriaren exekuzio proiektuaren barruan aurreikusten zen "baina premia ikusita, Udalak lanak aurreratzea erabaki zuen". Hori dela eta, "igerileku berria egin arte, bi futbol zelaiak mantenduko dira, orain eraiki dena eta aurretik zegoena". Edonola ere, Azkoitiko Udalak aurreratzen du kirol instalazio berria "COVID-19ak ekarritako murrizketek ahalbidetzen dutenerako", prest izango dela.

Igerileku estalia Datorren astelehenetik aurrera, 65 urtetik gorako gizon-emakumeek eta aniztasun funtzionala pairatzen duten herritarrek lehentasunezko ordutegia izango dute Elkarguneko igerileku estalian.

Udaletik azaldu dutenez, "astelehenetik ostiralera bitartean, goizeko 9.00etatik 10.00etara, lehentasuna izango dute aipatu taldeek". Horregatik erreserba egiterakoan ordutegi hori erabiltzea gomendatzen zaie (65 urtetik gorakoek lau kale erabili ahalko dituzte eta bosgarren kalea aniztasun funtzionala duten pertsonentzat gordeko da).

Bestetik, Zubiaurre Igeri Elkarteak astelehenetik ostiralera bi orduko tartea izango du igerileku itxia erabiltzeko, 12.00etatik 14.00etara, hain zuzen. Elkarteak berak kudeatuko du igerilekuaren erabilera ordutegi horretan.