Herriko hainbat sortzaile gazteren babesarekin, Kulturaz kooperatibak atzo aurkeztu zuen uda honetarako antolatu duen egitarau zabala; kulturaz zuzenean gozatzeko desiatzen dauden herritar guztien egarria asetzeko iturri paregabea.

Izan ere, erakundeak mota ezberdineko hamabost ekitaldi prestatu ditu "momentuz" abuztuaren amaierara bitartean egiteko eta "gehiago lotu ahala", joango da horien berri ematen. Hori bai, COVID-19ak eragindako egoera dela eta, osasuna eta segurtasuna bermatzeko neurriak hartuko dira kultur ekitaldi guztietan: "Ikusleek musukoa jantzita izan beharko dute eta eserita egon". Gainera "areto bakoitzean erakundeek ezarritako jende-kopuru mugak errespetatuko dira", aurreratu dute Kulturaz kooperatibako lagunek.

Uda honetarako prestatutako kultur egitaraua atzo bertan jarri zen abian, Orkatz kultur elkartearen 27. urteurrena ospatzeko ekitaldi-sortarekin. Horrekin hasteko Ekhiñe Eizagirreren Alde erantzira nabil poesia emanaldia egon zen Sanagustin kulturgunean eta gaur Amets Arzallus, Jexux Mari Irazu, Xabier Silveira eta Oihana Bartra bertsolarien saioa izango da leku berean (22.00etan).

Bihar, berriz, RO eta Trini Fox taldeen kontzertua egongo da (19.00etan) eta igandean haurrentzako magia ikuskizuna (17.00etan, Ekain & Mikele eta Iago Magoren eskutik).

Programatutako ikuskizunekin jarraiki, uztailaren 3an Deñeren kontzertua izango da Sanagustinen (19.00etan), 4an Grande Days taldearen emanaldia (19.00etan), 10ean Belako taldearen kontzertua (22.00etan) eta 11n Soma Cult taldearen saioa (22.00etan).

Uztailaren 12an Xanti Agirrezabalaren Satiro antzezlanarekin disfrutatzeko aukera egongo da Soreasu antzokian (19.00etan); 17an Dupla eta Xatiro taldeek kontzertua emango dute Sanagustinen (22.00etan) eta 24an Ezpalak eta Beste urtaroak taldeen emanaldia izango da leku berean (19.00etan).

Eta hori gutxi balitz, uztailaren 26an Erika Olaizolaren Panpina antzezlana izango da Azpeitian; abuztuaren 2an Matilda eta Idoia Azurmendiren kontzertuak; abuztuaren 16an Voodoo Charms eta Indian Feathers taldeen emanaldia eta 30ean Miren Tirapuren Manifestu bat antzezlana..

Antolatutako ekintzei buruzko informazio gehiago nahi duenak kulturaz.eus web gunea begira dezake.

Gaur goi mailako bertso saioa izango da Sanagustinen, bihar RO eta Trini Fox taldeen kontzertua eta igandean haurrentzako magia saioa