Ile-apaindegiek eta estetika zentroek atzo ekin zioten jarduerari


05.05.2020 | 00:10
Maite San Miguel masajista eta osteopata, atzo, bere izena duen osteopatia eta kiropraktika zentroan.

azpeitia – Atzokoa oso egun berezia izan zen bere jarduera berreskuratzeko aukera zuten negozioentzat. Espainiako Gobernuak emandako agiriaren arabera, aurrez aurreko hitzordua hartuta funtzionatu dezaketen establezimendu eta zentroek zuten atzo martxa berreskuratzeko aukera bakarrik. Azpeitian ateak berriro ireki ahal zituzten guztiek ez zuten egin; gehienek datorren astera arte itxarotea erabaki zuten.

Bertan merkatarien elkartetik azaldu zutenez, "datu zehatzik ez dugu baina dendariekin dugun hartu-emanetik ondoriozta dezakegu aste honetan hitzordu bidez lanean hasiko diren establezimenduen zenbatekoa ez dela oso altua izango".

Hala, "Ile-apaindegiek, estetika zentroek eta horrelako negozioek" ekin zioten atzo berriro jarduerari "baina merkataritza arloko gainon-tzeko establezimenduek (arropa eta kirol dendak, mertzeriak...), oro har, datorren astera arte itxarongo dute".

Bertan elkarteak zituen datuen arabera, atzokoan "jarduera hitzordu bidez berrekiteko aukera duten establezimenduen %25 inguru izan dira benetan jarduera abiatu dutenak. Gainontzekoak datorren astera begira prestaketa lanak egiten ari dira baina bezeroekiko jarduera oraindik hasi gabe".

Hasitakoak, pozik Irekiera ezohiko egoeran egin bada ere, atzokoan jarduera berreskuratu zuten Azpeitiko merkataritza eta zerbitzuetako profesionalak pozik zeuden herritarrek emandako erantzunarekin. Horietako bat Maite San Miguel masajista eta osteopata da. Aurretik koronabirusaz babesteko materiala (EPIak, maskarak, eskularruak, gelak, altzairuak desinfektatzeko produktuak...) erosita bazuen ere, joan den ostegunean hasi zen Sanjuandegira sartzeko biribilgunearen ondoko eraikinean duen bere osteopatia eta kiropraktika zentroa egoera berrirako prestatzen.

Lokala goitik behera desinfektatu ondoren, gustora ekin zion berriro ere lanari atzo Maitek. Berak azaldutakoari eutsiz, "azken egunotan, itxi behar izan genuen unean txanda hartuta zuten bezero danak deitu ditugu, astelehen honetan ireki-tzera gindoazela esateko". Batzuk oraindik kutsatzeko beldur pixkat badute ere, "gehienek berriro etor-tzeko txanda hartu dute".

Bezeroak deitzerakoan Maitek jakinarazten die "komunak eta dutxak derrigorrezko kasuetan erabili daitezkeela bakarrik" eta, nola ez, segurtasun neurriak bermatuta dituztela: "Denentzako EPIak eta maskarak ditugula esaten diegu baina, egia esan, gehienak etxetik etortzen dira maskara jartzita".

Masajista eta osteopata azpeitiarra "krisi hau iritsi aurretik zegoen normalidadea berreskuratzeko desia-tzen" dagoela onartzen du.

Ordurarte, osteopatia eta kiropraktika zerbitzuak "ahalik eta ondoen ematen" saiatuko dira bere zentroan (Unai semea da kiropraktikoa); koronabirusaz babesteko Espainiako Gobernuak agindu dituen "neurri guztiak hartuta". Ematen duen zerbitzu bakoitza amaitu bezain pronto, "kirofanoetan erabiltzen den produktu desinfektatzailea" erabiltzen du bezero berri bat hartzeko.