Azpeitia - Azpeitiko Udalak amaitu berri ditu Enparan dorretxearen ingurua egokitzeko irailean abiatu zituen lanak. Egindako obraren helburua "Enparan dorretxearen aurrekaldea oinezkotu eta Zelai Luzerekin bat egitea" izan da eta horretarako 183.543 euroko aurrekontua bideratu da.

Proiektua burutzeko, eremuan zegoen lurra altxatu eta adokinatu egin da, "Alde Zaharreko lurzoruaren itxura emanez".

Aitor Bereziartua zinegotziak azaldu duenez, "oinezko ugari ibiltzen diren gunea da; haur asko egoten da inguru horretan, baina aldi berean, Alde Zaharrerako sarrera ere bada. Oreka mantenduz, oinezkoek lehentasuna izango duten gune bat sortu nahi izan dugu. Horretarako, Zelai Luzeko pasoarekin bat egin dugu".

Dorretxe aurrea eta zubiarekin batera, hainbat herritarren eskariri erantzunez dorretxearen eta Urola ibaiaren arteko pasabidea ere konpondu da eta argiztapena ere hobetu da punturen batean: "Hainbat eskari genituen inguru horretan eta horiek ere aintzat hartu dira, ingurua hobetzen laguntzen zutela iritzita".

Hala, ibai ondoko pasabidea konpondu eta irisgarri egin da, "espaloioa zabalduz" eta Enparan atzetik Julian Elorza hiribidera arteko harriak kendu eta gorde egin dira, "hiribideko lurzoruko baldosa berdinak jarriz". - J.L.