Alegia: Errotaldeako sarreran biribilgunea egingo du Foru Aldundiak

Aintzane Oiarbide diputatuak atzo azaldu moduan, lanak irailean hasi eta azarorako prest egotea espero da

14.05.2022 | 00:38
Aintzane Oiarbide foru diputatua, atzo Alegian. Argazkia: N.G.

Alegia – Ibilgailuek inguru honetan hartzen duten abiadurak sortzen dituen segurtasun-arazoak saihesteko helburuarekin biribilgunea egingo du Gipuzkoako Foru Aldundiak Alegiako hegoaldeako sarreran, hau da, Errotaldean. Aintzane Oiarbide diputatua atzo Alegian izan zen eta aditzera eman zuenez, lanak irailean hasiko dira eta azarorako prest egotea espero da.

1991n GI-2133 errepidearen saihesbidea eraiki zen Alegian, hirigunea ekialdetik inguratzen duena GI-2131 errepidearekin lotu arte. Proiektu horren esparruan, aipatutako GI-2133 errepidearen 18,750 kilometroan T formako bidegurutze bat egin zen Alegiako herrigunera hegoaldetik sartzeko, eta puntu horretan esku hartuko da orain. 2000. urtean bidegurutze hori zabaldu egin zen, eta 2014ko udan hainbat irlatxo eta itxaroteko erdiko errei bat eraiki ziren Amezketatik iristen diren ibilgailuak babesteko.

Hala ere, puntu arriskutsua da ibilgailuek hartzen duten abiadura handia dela eta. "Lau adar daude 300 metro baino gutxiagotan (P.K. 18,680 GI-3620 errepidearekin, 18,750 Alegiara, 18,850 Etxetxulora eta 18,920 Beistinera) eta segurtasun-arrazoiengatik, abiadura hori moteltzea bermatzea komeni da", azaldu zuen Oiarbide diputatuak.

Definitu den proiektuaren arabera, biribilguneak 32 metroko diametroa du kanpoko lerro zurian, zazpi metroko eraztun-zabalera, 0,50 metroko kanpoko bazterbidea eta bi metro zapalgarriko barne-bazterbidea. Era berean, bideguru-tzearen ondoan dagoen enpresa baten instalazioetatik hurbil egoteak eta Amezketa ibaiak egitura baten gainean duen estaldurak biribilgunearen diseinua baldintzatzen dute, eta, beraz, instalazioa egokitu egiten da dagoeneko urbanizatuta dagoen plataforma aprobetxa-tzeko eta euste-sistemak kokatzeko, estalduraren ertzei distantzia nahikoa uzteko.

Halaber, proiektuak aurreikusten du euste-sistema egokitzea, inguruko seinaleak aldatzea elkargunearen diseinu berrira egokitzeko, EDERFIL BECKER aparkalekuko sarrerak eta irteerak ordenatzea, eta, azkenik, biribilgunea argizta-tzea, lau besoko farola zentratu baten bidez.

noticias de noticiasdegipuzkoa