- Izendapen berezia egingo dute aurten Kabi Alai elkarteko kideek. Talde edo norbanako bat izendatu beharrean, Ostegun Gizeneko txupinazoan "Tolosa herria" izendatuko dute Inauterizale Kuttun. Atzo egindako agerraldian adierazi zuten moduan, aurtengo ekitaldia antolatzeko izan duten denbora falta izan da erabakia har-tzeko arrazoietako bat, baina ez bakarra. "Hasieran pentsatu genuen ezer ez antolatzea, baina iruditzen zitzaigun urte egokia zela Tolosa herriari, bere osotasunean, omenaldi bat egiteko, eta horrela erabaki dugu aurtengo Inauterizale Kuttuna", azaldu zuten. Hala ere, ez da sorpresarik faltako ostegunean ordulariak hamabiak jotzen dituenean Tolosako udaletxeko balkoian eta pregoia irakurtzeaz gain, sorpresak izango dira eta ohiko parodia ere bai. Elkarteko kideek festaz segurtasunez gozatzeko gonbitea luzatu diete tolosarrei.