- Aranzadi Zientzia Elkartearekin batera, ikerketa zientifikoa abiatu du Amasa-Villabonako Udalak hirugarren gerrate karlistako 1873. urtean gertatutako Belabietako bataila ikertzeko. Memoria eta bizikidetza batzordeak aho batez erabaki du Villabonako gertakari historiko garrantzitsu honi buruzko azterketa martxan jartzea.

Izan ere, 1873.urteko abenduan izan zen hirugarren gerra karlistako (1872-1876) gudu edo bataila hau ez da oso ezaguna herritarren artean, baina "zalantzarik gabe Amasa-Villabonako lurretan izandako gertakizun militar historiko azpimarragarriena da", aditzera eman dute.

Amasako Belabieta mendiko magaletan izandako tropa karlista eta liberalen arteko gudu odoltsua izan zen Belabietako bataila. Moriones jeneral liberalak Tolosako setio karlista apurtu nahi izan zuen, Lizarraga jeneral karlistak blokeatua baitzuen Tolosa.

Bataila hartan milaka soldaduk parte hartu zuten eta ehunka hildako eta zauritu izan ziren. Ondo prestatutako bi armaden arteko aurrez aurreko borroka latza izan zen, fusil eta baionetekin elkar erasotzen aritu ziren. Orain arte egindako azterketen eta artxiboetako zenbait dokumenturen arabera, hirugarren gerra karlistaren baitan Gipuzkoan izandako batailarik gogor eta odoltsuenetakoa izan zen. Aipatzen da guztira 600 bat baja izan zirela.

Gertakaria hobeto ezagutzeko, Udalak Aranzadi elkartea kontratatu du 2021, 2022 eta 2023 urteetan hainbat ikerketa lan egiteko: artxiboetako dokumentazioa jaso, sailkatu eta ikertu, Belabieta mendian bertan egingo den landa-ikerketaren bidez gerrako materiala jaso eta sailkatu, lubakiak ikertu, argitalpenak egin eta informazio panelak ezarri. Karlos Almorza ikerlari amasarrak gidatuko du ikerketa. Udalak 8.010,20 euroko inbertsioa egingo du aurten.