- Herriko hainbat eragilerekin elkarlanean osatu du Ibarrako Udalak Udazken egitaraua. Azaro osoan izango dira ekitaldiak eta lehena datorren larunbatean egingo dute: mendi-duatloia, hain zuzen ere.

Nagore Zubillaga Kultura zinego-tziak ilusioz hitz egin zuen atzoko aurkezpenean: "Alde batetik, urteroko izaera duten zenbait ekitaldi berreskuratzen hasi gara; eta, bestetik, Ibarra gauza gehiago egiteko gogoz somatzen dugu eta ekitaldiak nolabaiteko normaltasunez antola-tzeko aukera dugu". Bide beretik, gogorarazi zuen tentuz antolatutako ekitaldiak direla, eta tentuz parte hartzera zein gozatzera gonbidatu ditu herritarrak ere.

Hala, larunbatean mendi-duatloia izango da plazatik hasita. Goizean, 11.00etan, umeen txanda izango da eta arratsaldean, 15.20ean, helduena. Izen emateko aukera dago www.kirolprobak.eusk web gunean.

Azaroaren 12an informazio saioa antolatu dute atzerriko ikasketak nola homologatu azaltzeko. Kultur etxean izango da 18.00etan. Musikak ere tartea izango du egitarauan, eta azaroaren 14an Amak taldearen kontzertua iragarri dute Belabieta kiroldegian, 18.30ean. Azaroaren 23an, ohiturari jarraituz, Xexili egunarekin bat egingo dute ibartarrek. Plazako aterpean egin dute hitzordua 18.00etan.

Azaroaren 26an, aldiz, Ibarran egingo den Kilometroak jaiaren aurkezpen ekitaldia antolatu dute. Belabieta kiroldegian izango da arratsalde-iluntzen (ordua zehazteko). Informazio gehiago eskura daiteke www.kilometroak.eus web gunean. Azkenik, azaroaren 28an Haatik dantza emanaldiaz gozatzeko aukera izango da Belabieta kiroldegian, 19.00etan.