- Gaur egun 35 lur-zati daude guztira Anoetako baratze-parkean eta guztiek dute erabiltzaile bat. Herritar gehiagok eskaera egin dute parte hartu ahal izateko eta, egun, itxaron-zerrendan daude horiek. Eskaera horiek asetzeko helburuarekin Anoetako Udalak baratze-parkea handituko du eta lur-eremu berriak egokituko ditu.

Pello Estanga alkateak adierazitakoaren arabera, “oso ondo fun-tzionatzen du baratze-parkeak; eta erabiltzaileak oso gustura daude. Lurrarekin harreman zuzena garatzeko balio du, eta herritarrek ere elkartasun eta lankidetza-sare bat osatu dute haien artean”. Gogobeteta azaldu da egitasmoak duen jardunarekin zein norabidearekin, eta gogora ekarri ditu ekimenaren zenbait helburu, besteak beste, garaiko produktuen sentsibilizazioa, nekazaritzaren gerturatzea, aisialdi aktiboa sustatzea eta ingurumenarekin harreman zuzena garatzea.

Autokontsumoa eta baratzezaintza ekologikoa dira herriko baratze-parkearen oinarriak. Kutxaren ekoguneko bara-tze- parke sarearen barruan dago Anoetakoa ere, eta edozein unetan egin daiteke izen-ematea edo eskaera lur-eremu bat izateko eta bertako dinamikan parte hartzeko.

Herriko baratze-parkean aukera dago lurra lantzeko tresneria partekatzeko; horrez gain, denetariko ikastaroak eta eskaintza bereziak ere antolatzen dituzte urtean zehar, garaian garaiko landaketa ezagu-tzeko edo hazien berezitasunak ezagutzeko, esaterako.