Ibarra | Azoka egingo dute igande honetan

Xumeagoa izango bada ere, 30 postu bilduko dira Emeterio Arrese plazan eta Erraketistak frontoian

15.09.2021 | 01:15
Ibarrako azokako postu bat. Argazkia: M.S.S.

Ibarra – Iazko hutsunearen ondoren, bueltan da Ibarrako Azoka. Beste urte batzuetan baino xumeagoa izango da, baina antolatzaileek iraileko hitzorduari eutsi eta egitea erabaki dute. Ibarrako Udalak eta Hauspoa elkarteak ahalegina egin dute aurtengoa aurrera atera dadin egoerak eskatzen dituen segurtasun neurriak hartuta, eta txikiagoa bada ere anitza izan dadin.

Igande honetan antolatuko den azokaren XXI. edizioa gune bakarrean egingo da: Emeterio Arrese plazan eta Erraketistak frontoian. Guztira 30 postu baino gehiago bilduko dira eta denetariko salgaiak eskainiko dituzte, besteak beste, elikagaiak, artisautza-produktuak eta, jakina, piperrak. Azokak 10.00etan zabalduko ditu ateak eta 14.00etan itxi.

Aukera izango da aparteko artisau-produktuak ikusteko eta erosteko, eskuz egindako lanak baitira. Elikagaiei dagokienez, ekoizpen ekologikoaren eta jasangarriaren alde egin dute, helburu izanik produktuak zuzenean guregana iristea bertako ekoizleen eskuetatik.

Aipatu behar da covid-19a dela-eta, azokan lekurik gabe geratu direla hainbat lagun, beste urteetan parte hartu dutenak. Antola-tzaileen hitzetan, "aurrerago parte hartzeko aukera izango dute, aurtengoa ez baita izango azokaren azken urtea".

Ohikoa den piparraren lehiaketa gastronomikoa ez da egingo aurten, baina aurrera begira berriz ere antolatzeko asmoa dago, arrakasta handiko lehiaketa baita.

Bestalde, segurtasun-protokoloaren arabera, azoka-gunean ezingo dira elikagaiak dastatu, musukoa jarrita eraman beharko da uneoro, tarteak zaindu beharko dira eta pilaketak saihestu. Igandean bertan boluntario talde bat arituko da argibideak ematen azokara joandakoei.

noticias de noticiasdegipuzkoa