16 dira 2019an Tolosaldean Oporrak Bakean programan parte hartu zuten harrera familiak, eta Tolosaldea Sahararekin elkartearekin kolaboratzen duen Hernialdeko aterpetxean zortzi eta hamabi urte bitarteko 16 haur gehiago ere izan ziren. Euren hutsunea nabari dela dio Tolosaldea Sahararekin elkarteko kidea eta Oporrak Bakeaneko Gipuzkoako koordinatzailea den Elixabet Eizagirrek: "Tolosaldea Sahararekin elkartea harrera familiez osatuta dago eta, urte asko dira udaran Tolosaldera lehen aldiz etorri zirela saharar haurrak; hain zuzen, 2000. urtean. Beraz, euren falta asko sumatzen dugu hemen".

Aurten hodeien barrena hegan iritsiko dira euskaldun askoren mezuak aurtengoan Saharara. Izan ere, egoerak baldintzatua, bigarren urtea da Oporrak Bakean programa bertan behera geratzen dela. Horren ordez, Mezuak Hodeietan kanpaina abiarazi dute Oporrak Bakean programan parte hartzen duten elkarte, eragile, eta harrera familiek, eta horien artean da Tolosaldea Sahararekin elkartea.

Pandemia eta gerra, Mendebaldeko Saharako etsaiak. Iaz, covid-19ak eragindako osasun egoeragatik ezin izan ziren etorri. Arazo honi, ordea, 2020ko azaroan Mendebaldeko Sahara eta Marokoren artean piztu zen gerra gehitu zaio. Egoera "gogorra" eta "krudela" dela dio Eizagirrek. "Gu ere oso kontziente gara hemen egoera ez dela erraza, pandemia denak jarri gaitulako hankaz gora. Beraiek, ordea, desertuan jarraitzen dute eta, ez lukete hor egon beharko, hori da okerrena", esan du.

Iaz, Uda honetan ezin baduzue etorri, gu joango gara! ekimena izan zen protagonista, eta aurtengoan, aldiz, Mezuak Hodeietan kanpaina da. Izena kondaira baten harira eraiki da; hain zuzen, Saharako herria hodeien semea-alaba dela dioen elezahar bati tiraka eta zeruan mugarik ez dagoenaren ideian oinarrituta. Gauzak honela, kanpaina honen helburua eskutitzen bidez euskal gizartearen eta sahararren arteko harremana mantentzea izango dela azaldu du Eizagirrek: "Gure asmoa azaroan Saharara gauzatuko den bidaian, mezu horiek fisikoki eramatea izango da eta, dena ondo joanez gero, bueltan mezu batzuk ekartzeko aukera ere izango dugu".

Ekimen berria Euskal Herriko aisialdi talde nagusiekin hasiko dela adierazi du koordinatzaileak, tartean dira Tolosaldea eskualdeko aisialdi talde nagusiak ere. Ondoren, harrera familia eta eragileen txanda izango da. Azkenik, iraila eta urria bitartean eskoletara hurbilduko da. Horrez gain, saharar herriari mezua bidali nahi dioten herritarrek ere aukera izango dutela azaldu du Eizagirrek. Horretarako, orri batean hodei bat marraztu eta mezu bat idatzi beharko da. Mezua elkarteari fisikoki emateko aukera izango da tolosaldeasahararekin@gmail.com korreora idatziz edo argazki bat atera eta elkarteko korreora bidaliz.

Oporrak Bakean programaren inguruan mugitzen direnak lanean jarrai-tzen dutela jakinarazi du Eizagirrek: "Mendebaldeko Saharako Gobernuak, Fronte Polisarioak, bigarrengo urtez haurren aisialdirako programa alternatibo bat jarri du martxan". Iazkoak izan zuen emaitza ikusita, aurten ere antola-tzea erabaki dute. Honen helburua, udara Euskal Herrian igaro beharko luketen saharar haurrei bideratutako kirol eta kultura tarte bat kanpamentuetan eskaintzea da.

Kontuan hartuta azken egunetan covid kasuak "nabarmen" igo direla, programa martxan jartzeko zain daudela azaldu du Eizagirrek. Egoera horri, gainera, bertan bizi diren baldintzak gehitu behar zaizkio. Beroa ez ezik, pandemiarengatik, mugak itxita, kanpoko herrialdeetatik bidalitako elikagai, medikamentu eta bestelakoak ere urritu egin dira eta, egoerak zaildu egin du ekintzak antolatzea.

Aurreko guztiari berriro gerra gehitu behar zaio. Saharar soldaduak kanpamentuetako haurren aitak, osabak, eta anai zaharrenak direla azaldu baitu Eizagirrek. "Horiek gerrara doaz eta, horregatik, haurrak euren senideak agurtu dituzte ez dakitelako berriro ikusi edo etxera itzuliko diren edo ez".