- “Ospitale publikoaren proiektua gauzatzeko definitu beharreko hiru arloen lanketan dihardugu, orain hurrena iragarri genuen moduan eta zentzu horretan gure proposamenak aurkeztu eta azaldu nahi dizkiogu sailburu andereari, aurrez aurre”, esan zuen Alkateen Mugimenduak ostegunean. Gotzone Sagardui Osasun sailburuari bilera eskaera bat egin diola jakinarazi zuen ere.

Hain zuzen, 2020ko azaroan eskainitako prentsaurrekoan, osasun maila eratzeko izan zuten proposamena osasun eragileei, udalei eta langile ordezkariei zabaltzeko asmoaren berri eman zuten. Bilera horien ondorio nagusia, Tolosaldean osasun arreta “publikoa, kalitatezkoa eta euskalduna” izateko asmoak “adostasun zabala” zuela adierazi zuten: “Gure ustez, orain da unea Tolosaldea zer nolako osasun eredua eta azpiegiturak behar ditugun guztion artean hitz egin, eztabaidatu eta adostekoa”.

Hori dela eta, martxoaren hasieran abiarazi zuten Osasun Mahaia eta ordutik hiru arlo aztertu dituztela esan zuen mugimenduak. Batetik, XXI. mendera egokitutako Tolosaldea eskualdera zuzendutako osasun-ereduaz aritu ziren: “Osasungintzaren ikuspegitik Tolosaldearen beharrak zeintzuk diren aztertu dugu eta balizko ospitale horren egitura nolakoa izango litzatekeen definitu”. Bestetik, Tolosaldeko Alkateen Mugimenduko ordezkaritzak Asuncion ospitaleko langileen ordezkariekin batera lan egin zuten, langileen egoera bideratzeko egon daitezkeen aukerak lantzeko asmoarekin. Azkenik, kokapena izan dute hizpide: “Azpiegitura berrien kokapen aukera posibleak bildu eta aztertu ditugu”.

Horregatik, hartzen den erabakia edozein delarik, “partekatua” izan behar duela eskatu zuten: “Horrela bakarrik lortuko dugu guztiok gure egitea hemen erabakitzen denarekin, eta gustura sentitzea hartzen dugun erabakiarekin”. Horregatik, oraindik mugimenduaren parte ez diren alkateei eta gainerako udalei parte hartzeko deia egin zieten.

Guztira 25 alkate dira mugimendua osatzen dutenak; hain zuzen, horietako 23 dira Tolosaldekoak. Hala ere, eskualdeko osasun eremua 31 herrik osatzen dute, Andoain, Legorreta eta Beizama ere barnebiltzen baititu. Abaltzisketa, Belauntza, Berrobi, Larraul, Tolosa eta Andoaingo alkateak dira mugimendura batu ez direnak.

Legegintza hau izan da lehena, non mugimendua osatzen duten alkate guztiak ados jarri diren ospitale publikoaren alde