Inauteri giroa Tolosan, Galtzaundiren omenez

05.02.2021 | 00:26
Maite Asensio eta Kike Amonarriz Galtzaundiko kideak eta Migel Zeberio Et Incarnatus-eko zuzendaria.

Et INcarnatus orkestrarekin kontzertu berezia izango da Leidorren Euskara Taldearen 30. urteurrena ospatzeko

Ez da izango Inauteriak ospatzeko kontzertua, baina Inauteri doinuak baliatuko dituzte Galtzaundi Euskara Taldearen 30. urteurrena ospatzeko. Et Incarnatus orkestrarekin batera, Tolosako Inauterizale eta musikari askok parte hartuko dute datorren otsailaren 14an, Zaldunita egunez, 12.00etan, Leidor aretoan egingo den emanaldi berezian.

Aurten Inauteriak ospatuko ez direla ikusita ere, Galtzaundik ekitaldi kulturala antolatu nahi izan du, bere izenari men eginez, eta inauterietako musikan euskarak duen garrantzia azpimarratuz. Osasun egoeraren ondorioz festak betiko moduan ospatzea posible ez bada ere, Inauterietako kantuekin osatutako kontzertua antolatu dute Galtzaundi, 30 urte izenpean.

Kike Amonarriz euskara taldeko kideak azaldu moduan, Galtzaundiren irudiak darion alaitasuna euskararen inguru baikor batean txertatu nahi izan du urte hauetan guztietan. "Argi genuen euskararen erabilera sustatzeko beharrezkoa zela lanketa alaia eta baikorra egitea, jendea erakartzeko, eta horregatik aukeratu genuen Galtzaundi izena, gure Inauterietako pieza alaienetakoa", azaldu du Kike Amonarrizek.

Aurten 25. urteurrena ospatzen duen Et Incarnatus orkestrak emango du kontzertua, eta musikari eta kantari ezagunen kolaborazio ugari izango dira bertan. Inauteri kutsuko emanaldi berezia izango da, mimoz prestatua, eta betiko kantuak modu desberdinean entzuteko aukera izango dute entzuleek, inauterietako doinuak harizko orkestra batek interpretatuz. "Aurten apaltasunez bizi beharko dugu Inauteria, baina ekintza polita izango da espiritua alaitzeko eta oroimen ederra izateko. Antzokira joateko erreparoz dagoen hori animatuko nuke, oso mezu pozgarria jasoko duelako", esan du Migel Zeberiok.

2005ean Troika izeneko proiektua jarri zuen martxan Et Incarnatus orkestrak, diskoa kaleratu eta kontzertu berezia emanez. 2014ean berriz, Troika 2 izeneko kontzertua eskaini zuen taldeak, inauterietako doinu gehiago orkestrarako egokituz. Oraingo honetan Tolosako Iñauterietako doinu berriak ere gehituko ditu orkestrak errepertoriora, eta lehen aldiz txaranga batekin batera arituko da oholtza gainean. Kantuan Leire Berasaluze, Kristina Aranzabe, Xabier Ormazabal eta Ana Otxoa arituko dira; eta musika alorretik Xabier Berasaluze Leturia pandero-jolea, Gorka Benitez saxofoi-jolea eta Incansables txarangak parte hartuko dute orkestrarekin batera. Eszenografia ere bereziki zaindu dute Iñaki Moyuarekin, izan ere ETB 1-ek kontzertua grabatzeko asmoa du.

Ekitaldirako sarrerak Galtzaundiren egoitzan eskuratu ahal izango dira astelehenetik aurrera, 10.00etatik 13.00etara eta 16.00etatik 19.00etara. Galtzaundiko bazkideek 15 euro ordaindu beharko dute sarrera bakoi-tza, eta ez direnek 17 euroko prezioan eskuratu ahal izango dituzte sarrerak. 400 lagunentzako aforoa egongo da kontzertuan eta zenbakituak izango dira sarrera guztiak.

Inauteriak ospatuko ez direla ikusita ere, ekitaldi kulturala antolatu dute Inauterietako musikan euskarak duen garrantzia azpimarratuz