- 2020ko merkealdi kanpainak behatzean aurrerapauso handiak nabaritu ditu euskararen presentzian Galtzaundi Euskara Taldeak. Tolosako merkealdietan parte hartzen duten saltokien paisaia linguistikoa aztertzen du taldeak 2015etik aurrera.

Hain zuzen, hori, Galtzaundik 2018an hartutako erabakiaren ondorio argia da; 2018tik aurrera saltokiz saltoki urteko jarraipena egiten da eta merkealdi garaian, merkealdietan parte hartzen duten saltokiei UEMAk sortutako materiala eskura jartzen zaie. Aldi berean, saltokien beharretara egokitutako eskariak ere jasotzen dira, ondoren berriro ere haiengana jo eta kartelak banatuz.

2015etik 2020ra arteko merkealdi sasoiak alderatuz aurrerapauso nabarmenak eman dira. Esaterako, ordutegiei dagokienez, euskararen presentzia %90era igo da. Aipatzekoa da 2020ko udako merkealdian, COVID-19aren ingurumarian, askoz ere ageriko idatzi gehiago jarri direnean, euskararen presentziak nabarmen egin duela gora.

Merkealdiaz ohartarazteko kartel nagusietan euskararen presentzian gorakada nabarmena eman da 2018ko udako sasoitik aurrera, euskararen presentzia ia erakusleiho guztietan bermatuz . Bereziki euskara hutsezko karteletan eman da gorakada.

Bost urteko bilakaerari erreparatuz ikusi daiteke azken hiru merkealdietan iraultza gertatu dela: euskarazko ehunekoak %20 izatetik %60-70 izatera pasa dira, gaztelerakoei beren nagusitasuna kenduz.

2018tik aurrera bereziki landu diren alorretan (merkealdien kartel nagusia eta ehunekoak) gorakada esanguratsua nabaritu da 2020ko behaketetan. Bost urte arteko behaketak ikusiz, esan daiteke 2020ko merkealdietan euskara osasuntsuago agertu dela Tolosako kaleetan, 2015, 2016, 2017 eta 2018an baino.

Merkealdi garaietan Tolosako saltokien erakusleihoetan euskaraz izandako hobekuntza ez da isolatutako fenomenoa. Galtzaundik, besteak beste, UEMArekin eta Villabona, Ibarra eta Tolosako Udalekin batera elkarlanean lantzen ari den lanketaren fruitua da. Urtero 600dik gora saltoki bisitatzen dituzte Galtzaundiko teknikariek hiru herri horietan, paisaia linguistikoa eta bezeroen harretan euskararen aldeko pausoak emateko baliabide, tresna eta aukerak azaldu eta gomendioak emanez.

Gauzak horrela, Galtzaundi Euskara Taldeak herriko saltokietan eta euskaraz kontsumitzeko deia luzatu die Tolosaldeko herritarrei. “Eskualdeko dendak euskararen aldeko pauso etengabeak ematen ari dira eta merkatariak gakoak dira hizkuntzaren garapenerako, tokiko merkatariei esker gure kaleetako paisaia linguistikoan euskarak geroz eta presentzia gehiago du eta”, amaitu du Galtzaundi taldeak.