- Adin guztietarako balio du Amasa-Villabonako Otsabi auzoan eraiki den Pump Track zirkuitu berriak eta mendi bizikletan aritzeko teknika hobe-tzeko aproposa den instalakuntza publikoa da. Beste bereizgarri bat ere badu; izan ere, auzolanean landu eta gauzatu da proiektua. Hain zuzen ere, Amasa-Villabonako Udalaren eta herriko hainbat mendiko bizikleta zale eta gurasoren arteko elkarlanaren bidez eraiki da.

Belarmendi Mendiko Nekazaritza SL enpresaren bidez, zirkuitoa eraikitzeko beharrezkoa zen lurra eta makinaria eskuragarri jarri ditu Udalak eta herriko hainbat gurasok auzolanean burutu dituzte zirkuitoa sortzeko lanak. “Azpimarragarria da herritar hauek erakutsi duten inplikazioa eta lanerako gogoa, modu horretan instalakuntza hau eraiki-tzeko lanak erraztu eta merketu baitira”, azaldu dute Udaletik.

Pump Track zirkuitoa erabilgarri badago ere, Otsabiko parkearen eremua txukundu eta hobetzeko hainbat lan egin beharko dira datozen asteetan. Zirkuitoaren erabilera arau orokorrak azalduko dituen informazio kartel edo seinale bat ezarriko da eta parkeko eremua txukuntzeko hainbat lan egingo dira: inguruko sasiak kendu, belarra zaindu, zuhaitzak kimatu, parkera iristeko gurutzatu beharreko errepidean zebrabidea margotu, ur iturri bat ezarri, etab.

Instalakuntza berria erabili ahal izateko hainbat arau bete behar dira; esaterako, kaskoa erabiltzea derrigorrezkoa da, bizikleten arteko segurtasun tartea mantendu behar da beti; adingabeak gutxienez heldu baten begiradapean ibili behar dute; lurzorua bustia dagoenean ezin da erabili eta debekatuta dago motorrarekin sartzea.

Amasa-Villabonako udal gobernuak bere poza agertu du kirol instalakun-tza berri honen sorrera dela eta: “Azpiegitura honekin mendi bizikletan ibiltzeko, kirol osasungarri hau praktikatzeko, jolasteko eta lagun artean ondo pasatzeko beste aukera bat eskaintzea lortu da eta hori oso positiboa da”. Ondorioz, udalak Otsabiko parkera gerturatzeko eta Pump Tracka erabiltzeko gonbidapena egiten die mendi bizikletan ibiltzea gustatzen zaien herritar horiei guztiei.