- Aduna, Alkiza, Amasa-Villabona, Asteasu eta Zizurkilgo udalbatzek euskal presoen urruntze politikarekin amaitzearen aldeko erakunde adierazpena landu eta onartu dute. Era berean, eta urteroko tradizioari eutsiz, dei egin dute bihar, 18.00etan, Villabona eta Zizurkil artean egingo den manifestazioan parte hartzeko.

Orain presoak! Euskal Presoak Euskal Herrira lelopean egingo dute urteko azken eguneko manifestazioa. Villabonako Errebote plazatik abiatuko da, eta Zizurkilgo Joxe Arregi plazan emango diote amaiera.

Adunako alkate Josu Amilibia, Amasa-Villabonako alkate Bea Unzue eta zinegotzi Xabat Laborde, Asteasuko alkate Pili Legarra eta Zizurkilgo alkate Iker Urruzola izan ziren atzoko agerraldian, eta manifestaziorako deiaz gain, onartutako adierazpenaren berri eman zuten. Herritarrei manifestazioan parte hartzeko deia luzatu diete.